Hogeita lau pelotarik jokatuko dabe Orozkon maiatzaren 31n hasiko dan XII. Bizkaia Torneoa

Bizkaie! 2025-05-21 08:37   Kirola

Taldeka jokatzen dan bakarra.

Leixuri Arrizabalaga, Euskera, Kultura eta Kirol diputadua, Aspe eta Baiko Pilota enpresetako ordezkariakaz batera, Bizkaia Torneoaren hamabigarren edizinoaren aurkezpenean izan da. Ekitaldian lehiaketako zehetasunak azaldu ditue eta bertan izan dira txapelketa honetan parte hartuko daben pelotarietako batzuk.

Leixuri Arrizabalagak gogoratu dauenez, bizkaitarrok pelotea maite dogu, gure nortasunaren parte baita, belaunaldiz belaunaldi trasmitiduten doguna, kalean, ikastolan eta bestelakoetan sarritan ikusten ditugu gure txikiak herriko frontoietan jo eta suake. Nagusitan be pasino horri eusten deutsagu, gure frontoiak publikoz ganezka izaten dira ekitaldi bakotxean, frontoietako giroa maite eta jagon egiten dogu.

XII. Bizkaia Torneoa maiatzaren 31n hasiko da Orozkon. Torneo hau taldeka jokatzen da eta talde horreek Bizkaiko beste hainbeste mendiren izenak hartzen ditue lehiatzeko: Oiz, Anboto, Kolitza, Ganekogorta, Sollube eta Gorbeia. Hiru espezialidadetan jokatzen da: banaka, binaka eta lau t'erdian.

Txapelketa Bizkaiko bost udalerritan jokatuko da: Orozkon, Larrabetzun, Durangon, Bilbon eta zehazteko dagoan beste frontoi batean. Kanporaketak bagilaren 13, 14 eta 15ean jokatuko dira eta finala abuztuaren 18an, Bizkaia Frontoian.

Orozkoko pelotalekuak hartuko dau lehen jardunaldia maiatzaren 31n. Bigarrena bagilaren 13an jokatuko da, oraindino zehaztu barik dagoan lekuan. Durangoko frontoian izango da hirugarrena, bagilaren 14an eta bagilaren 15ean laugarren jardunaldia izango da Larrabetzun.

Bizkaia Torneoaren hamabigarren edizinoan pelotari honeek parte hartuko dabe: Artola, Larrazabal, Urrutikoetxea, Altuna III, Elordi, P. Etxeberria, Agirre, Jaka, Peña II, Bakaikoa, Senar, Ezkurdia, Zabala, Egiguren V, Salaberria, Mariezkurrena II, Albisu, Zabaleta, Iztueta, Irazusta, Darío, Eskiroz, Aldabe eta Martija.

Bizkaia Torneoan 24 pelotarik hartuko dabe parte. Binakako modalidadean 12 pelotarik jokatuko dabe; lau t'erdian 6 pelotarik eta beste 6 banaka ibiliko dira.

Taldeak

Multzoen osoketea zozketa bidez egin da eta taldeetako kapitainak ondokoak dira: Artola, Larrazabal, Urrutikoetxea, Altuna III, Elordi eta Ezkurdia.

Ondokoak dira taldeak:

• Ganekogorta: Urrutikoetxea eta Iztueta binaka, Peña II lau t'erdian eta Eskiroz banaka.

• Oiz: Elordi eta Zabaleta binaka, Peio Etxeberria lau t'erdian eta Salaberria banaka.

• Gorbeia: Ezkurdia eta Rezusta bikoteka, Zabala lau t'erdian eta Egiguren V banaka.

• Sollube: Artola eta Albisu bikoteka, Agirre lau t'erdian eta Bakaikoa banaka.

• Anboto: Altuna III eta Martija bikoteka, Darío lau t'erdian eta Aldabe banaka.

• Kolitza: Larrazabal eta Mariezkurrena II binaka, Jaka lau t'erdian eta Senar banaka.

Lehiaketa-sistemea

XII. Bizkaia Torneoa final-laurenetako, finalerdietako eta finaleko kanporaketa sistemearen arabera jokatuko da. Kanporaketa bakitxean gitxienez birritan irabazi dauen taldea sailkatuko da. Partiduak hiru setetan jokatuko dira. Set bi jokatuko dira 10 tantora eta bardinketea egon ezkero, hirugarren set bat jokatuko da bost tantora.

Azkenik finalerdietako talde irabazleak finala Bilboko Bizkaia Frontoian jokatuko dabe, abuztuaren 18an.

Sarrerak

Lehiaketako faseetako sarrerak www.entradasfronton.com webgunean eta kasuan kasuko frontoietako leihatiletan jarriko dira salgai.

Informazino gehiago: www.bizkaiafrontoia.eus, www.aspepelota.eus eta www.baikopilota.eus.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu