Natalia Lisinicchia artisteak egin dau aurtongo kartela

Bizkaie! 2025-05-20 12:20   Zinemea

Zinegoakek erresistentzia eta estimu-sareak aldarrikatutako ditu.

Natalia Lisinicchia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtongo edizinoaren ildo nagusiak eta irudia aurkeztu ditu. Bagilaren 23tik 30era jaialdiak erresistentzia eta afektuen sareak aldarrikatuko ditu programazino zabal baten bidez, besteak beste, proiekzinoak, arte eszenikoak, hausnarketarako guneak eta topaketak.

Alaitz Arenzana Zinegoakeko zuzendariak nabarmendu dauen lez, arreta berezia jarriko deutsegu disidentzietatik sortzen ditugun erresistentzia sareei eta afektuei. Egitura tradizionaletatik, hegemonikoetatik eta patriarkaletatik harago doazen ereduak birpentsau behar dira. Gure gizarteak sufriduten dituan zapalkuntza-sistemei aurre egiteko eta gainditzeko espazioak aldarrikatu nahi ditugu, besteak beste, heteronormatibidadea, patriarkatua, kolonialismoa eta kapazitismoa. Idea horreek jaialdiaren programazinoan islatuko dira, baita Natalia Lisinicchia artisteak sortutako Zinegoakeko edizino honetako kartelean be. Irudian, Berlinen bizi dan ilustratzaileak, maitatzeko, komunidadea sortzeko edo hazteko beste modu batzuk eregitea posible dala aldarrikatu nahi izan dau: beharbada, familia-eredu barriak sortu behar ditugu eta ez kontuan hartu bakarrik odol-ahaidetasuna, baizik eta maite ditugun personak saretuko dituen ereduak be.

Kartelean Lisinicchiaren estiloa ikusten da, serigrafiaren eragin handia: oso pozik nago emoitzeagaz eta aukeratutako kolore-paleteagaz. Proiektuak artista bezela ondu egin nauela sentiduten dot. Horri esker, aniztasun etnikoa modu konzienteagoan islatzen dauan bildumea osotu dot.

Lisinicchia ilusinoz agertu da Zinegoak 2025 jaialdiaren kartela egiteko aukereagaz: queer izateagaitik eta baita queer zinema-jaialdian parte hartzeagaitik be. Era berean, artista bezela, magikoa da bateren batek zure zerbitzuak kontratetan dituanean. Ganera, Euskal Herriaz maiteminduta nago eta asko miresten dot arteari eta kultureari eskaintzen deutsazuen guztia.

Kartela egiteaz gan, Lisinicchia Bilbon izango da Zinegoak 2025en irudia oinarri hartuta horma-irudia egiteko.

Zinegoak bagilaren 23tik 30era egingo da Bilboko hainbat areto eta espaziotan: Azkuna Zentroa, Bilborock, Golem Alhondiga, Guggenheim Bilbao, BilbaoArte, Hikateneo, Sarean, La Sinsorga edo Bira Kulturgunea. Bagilaren 23an, astelehenean, inaugurazino ekitaldia egingo da Arriaga Antzokian, baina aurreko asteburuan hainbat jarduera osogarri egingo dira 3, 2, 1… Zinegoak! aurre-jaialdiaren barruan: antzerkia, kontzertuak, performanceak, aurkezpenak, proiekzinoak eta sorpresa gehiago.

Aurton be, film luzeak, film laburren hainbat ziklo, euskal produkzinoak, obra eszenikoak, topaketa profesionalak, nazinoarteko zinemagileen bisitak, eztabaidarako eta hausnarketarako guneak izango dira jaialdian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu