Harrerea egin deutse Kirolaren Europako Eskualdeko Balorazino Batzordeari
2025-05-15 11:06 KirolaBatzordea gurean dabil, Bizkaia 2026ko Kirolaren Europako Eskualde izateko hautagaitzea ebaluetako.

ACES Europe erakundeko — Europar Batasunaren izenean izentapen hori kudeatzeaz arduratzen dan erakundea — bost ordezkari ditu ordezkaritzeak eta lurraldeko hainbat leku ezagutu ditue aste honetan, Bizkaiko kirol-azpiegiturak zuzenean ezagutzeko eta aintzatespen ospetsu hori lortzeko eskatzen diran erispideakaz bat datozen baloretako.
Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak martian emon eban hautagaitzearen barri, Bizkaia Kirolak Sariak banatu ziranean. BFAren jarrerea sendoa da kirola sustatzea, kohesino sozialerako, osasunerako eta garapen iraunkorrerako tresna legez. Hautagaitzea Kirolur izenekoa da, Bizkaia itsasoko eta lurreko kirol lurraldea dala adierazoteko berba-jokoa.
Bizkaian egiten dagozan egonaldian, lurralde osoko kirol-ekipamendu eta espazioak bisitetan dabil ordezkaritzea. Ibilitako lekuen artean, besteak beste, Gernikako Jai-Alai, Gernikako Batzarretxea, Durangoko Landako I eta II kiroldegiak, inaugurau barri dan Ollargan parkea, Miribillako Kirol Etxea, Meaztegi Golf eta Gorlizko Ugerbideak.
Autorpen hori ACESek izentetan dau, erantzukizunaren eta etikearen printzipioakaz bat etorriz, kirola gizarteratze-faktore bat dala, bizi-kalidadea, ongizate psikofisikoa eta erabateko gizarteratzea hobetzen dituala jakinda.
Kirolaren Europako Eskualde izenteteak bultzada handia emongo leuskio Bizkaian kirola egiteari eta lurraldearen kirolaren balioen aurrekoakazko eta herritarren ongizateagazko konpromisoa ikusarazoten, sendotzen eta proiektetan lagunduko leuke.
Gian Francesco Lupatelli ACESeko presidentearen eretxiz, Bizkaiak herritar guztientzako praktika osasungarri eta jasangarri baten sustapenagaz guztiz lerrokatutako hautagaitzea aurkeztu dau, emakumeei eta dibersidade funtzionalari arreta berezia eskainiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!