Europa League finaleko Fan Festivala Arenalean izango da

Bizkaie! 2025-05-13 13:23   Kirola

Maiatzaren 20an eta 21ean.

UEFAren 2025eko Europa Leagueko finala sustatu daben euskal erakundeek, hau da, Eusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Fan Festival jaialdiaz disfrutetea animetan ditue euskal herritarrak. UEFAk Bilboko Arenalean atonduko dauen jaialdia maiatzaren 20an eta 21ean egingo da, hain zuzen be datorren eguaztenean, 21:00etatik aurrera, San Mamesek hartuko dauen finala dala-eta.

Fan Festival jaialdia maiatzaren 20an inaugurauko da, goizeko 11:00etan eta bertan parte hartuko dabe Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Saileko foru diputaduak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Euskal erakundeetako hiru ordezkariek Aritz Aduriz izango dabe lagun ekitaldian, Europa Leagueko edizino honetarako UEFAren enbajadorea eta bera arduratuko da lehiaketako garaikurra Fan Festival jaialdiaren eremura eroateaz.

Fan Festivala gune neutrala izango da, izan be, Ametzolan (Tottenham) eta Etxebarria Parkean (Manchester United) kokatuko dira Fan Meeting Points eremu biak. Edukierea bete arte doban sartzeko aukerea egongo da. Jaialdiak Bilboko Arenal osoa hartuko dau eta jarduera ugari egingo dira berton, maiatzaren 20an, 11:00etatik 22:00etara eta maiatzaren 21ean, 11:00etatik 18:00etara. UEFAk atondutako topagune horren helburua da urian jai giro parte-hartzailea sortzea, baita edade guztietako herritarrak kirol-ekitaldi historikoaren aurreko orduetan inpliketea be.

Asko dira aurreikusitako jarduerak, esaterako: UEFA Europa Leagueko garaikur ofiziala ikusi eta argazkiak ataratea; talde finalista bien kamiseta ofizialak ikustea; futbol-desafioetan parte-hartzea; garaikur erraldoiakaz eta finaleko jarlekuakaz argazkiak ataratzea; DJ Mimolocoren zuzeneko musikea; UEFAren denda ofiziala bisitetea; eta, giroaz disfrutetea, Kresala musika-taldearen eta Sama Siku fanfarrearen eskutik. Horreezaz gan, herri kirolen erakustaldiak eskainiko dira.

Mitoen arteko partidua

Arenaleko Fan Festivalaren ekitaldi nagusietako bat UEFAk atondutako Legends Match - Mitoen arteko partidua izango da, finalaren egun berean jokatuko dana, maiatzaren 21ean, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Ekitaldian hiru euskal erakundeetako ordezkariak eta Aritz Aduriz be izango dira.

Arriaga Antzokiko plazan izango da espazio-txikian jokatuko dan lagunarteko partidua, UEFA Legends eta Basque Legends taldeek jokatuko dabena. Azken hori Euskadiko Futbol Federazinoak beren-beregi deitutako zazpi futbolari ohik osotuko dabe, Euskal Selekzinoaren elastikoa jantzi dabenak eta euskal taldeakaz Europa Leagueko partiduak jokatu dituenak: Mikel Balenziaga, Beñat Etxebarria, Gorka Iraizoz, Carlos Martinez, Xabi Prieto, Markel Susaeta eta Gaizka Toquero. Lagunarteko partiduak 20 minutuko zati bi izango ditu eta Euskal Epaileen Batzordeko arbitro batek zuzenduko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu