Donostia Zinemaldiak Lillian Hellmani eskainiko deutso atzerabegirakoa
2025-05-09 10:13 ZinemeaEstatubatuarrak, besteak beste, William Wyler, Arthur Penn eta George Roy Hill zinemagileekaz egin eban lan.

Lillian Hellman gidoigilea, William Wyler, Arthur Penn, William Dieterle, George Roy Hill lako zuzendariekaz lan egindakoa, Donostia Zinemaldiaren 73. edizinoko atzerabegirakoaren protagonistea izango da. Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak atondu dabe zikloa, Espainiako Filmotekeagaz alkarlanean. Ganera, liburua argitaratuko dabe Hellmani buruz, hiru emakumeek idatzia.
Lillian Hellman (1905-1984) urte luzez izan da erabateko misterioa. Garai gatxak bizi izan zituan estatubatuar antzerkigile, eleberrigile eta gidoigileak, esaterako: Depresino Handia edo macarthismoaren sorgin-ehizea. Halanda ze, gertakari horreek protagonismo handia dauke haren obrean. Horregaitik, Donostia Zinemaldiak haren lana gogorarazo nahi dau atzerabegirako horren bidez eta Hellmanen obra zinematografiko guztia eskaini, izan be, funtsezkoa da Hollywooden izandako bilakaera estilistiko, tematiko eta ideologikoak ulertzeko.
Ondoko honeek dira Hellmanen lan nabarmenenak: The Little Foxes (William Wyler, 1941); The Children’s Hour (William Wyler, 1961); eta, The Chase (Arthur Penn, 1966).
Haren ideologiari jagokonez, sekulako garrantzia izan eban Dashiel Hammettek. Genero baltzeko mugarri diran Red Harvest edo The Maltese Falcon obren egilea, AEBko Alderdi Komunisteagaz konprometiduta, oso presente dago Hellmanen Pentimento memoria-liburuan. Fred Zinnemannek Julia (1977) filma, horretan oinarrituta dago eta Jane Fondak gorpuztu eban Hellman. Gidolariaren hirugarren liburu autobiografikoa, Scoundrel Time (1976), sorgin-ehizearen garaian girotzen da. Kathy Bates aktoreak Dash and Lilly telefilma zuzendu eban 1999. urtean, Hammetten eta Hellmanen arteko hartu-emonetan oinarrituz.
Gidoia egokitu edo haren testuen egokitzapena egin ebelako, besteak beste, Lewis Milestone (The North Star, 1943), William Dieterle (The Searching Wind, 1946), Michael Gordon (Another Part of the Forest, 1948) eta George Roy Hill (Toys in the Attic, 1963) zuzendarien filmetan parte hartu eban. Horreezaz gan, kredituetan ageri ez bada be, ezkerreko zinemagintzearen film garrantzitsuenetako batean parte hartu eban: The Spanish Earth (Joris Ivens, 1937) dokumentalean hain zuzen be, Espainiako Gerra Zibilari buruzkoa. Idazketean, ganera, Ernest Hemingway eta John Dos Passos idazleak be ibili ziran.
Zinema klasikoari eskainitako jaialdia
2024az geroztik, Donostia Zinemaldiaren atzerabegirakoa Klasikoak programearen barruan kokatuta dago. Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak sustatzen dabe. Programeak hiru ziklo batzen ditu: atzerabegirakoaren filmak, irailean Zinemaldian proiektetan diran Klasikoak sailaren lanak eta Filmategiak urteko azken hiruhilekoan programetan dauen zikloa.
Klasikoak programeak Donostia Zinemaldiaren tradizino historikoari jarraitzen deutso. Lehenengo atzerabegirakoa, 1959. urtean izan zan, René Clair zinemagileari eskainitakoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!