Dei berezia emakumeei Behobia – San Sebastian lasterketan parte hartu deien

Bizkaie! 2025-05-06 08:02   Kirola

Mugak ez dira fisikoak, gizarte eta ohitura mailakoak baino.





Orain 7 urte, Behobia – San Sebastian lasterketeak erronka handia ezarri eban: BSS 50/50/25 proiektua. Konpromiso sendoa hartu zan genero bardintasunaren alde kirolean, 2025 urtean lasterketako partaideen erdia emakumeak izateko. Aurtengo izena emoteko epe orokorra datorren maiatzaren 7an zabalduko da, eguaztenean, eta Fortuna Klubak, Eusko Jaurlaritzeagaz eta Donostiako Udalaga batera, deialdi berezia egin deutse emakumeei aurtengo lasterketan parte hartu eta 2025 urterako ezarritako 50-50 helburu parekide horretara hurreratzeko, ‘Egin daigun posible’ goiburuari eutsiz.

Lehen lehendakariorde Ibone Bengoetxearen eretxiz: Kirola gizartea eraldatzeko tresna da, BSS 50/50/25 proiektua horren isla da, genero-bardintasunaren aldeko beharrezko konpromisoa eta ezarritako helmugara aurten helduko gara, 2025ean. Baina gizarte aldaketa honek ez dau mugarik. Bidea markau dogu eta, orain, eregitako bideari jarraipena emon behar deutsagu, bideari eutsi behar deutsagu.

Bestalde, Behobia – San Sebastian lasterketako koordinatzaileak, Iñigo Etxeberriak, emakumeen belaunaldi barri baten partaidetzako datuetan igoera handia egon dala azaldu dau: Pozarren gagoz lasterketan emakumeen belaunaldi barri eta indartsu bat agertu dalako, 20-30 urte bitarteko edade-tartean, dagoeneko % 40ko portzentajea gainditu baita.

Esangura horretan, lehendakariordeak aldaketea hemen dagoala nabarmendu dau: egindako bidearen emoitzak ikusten gagoz orain. Eta, hau, azken urteetan belaunaldi barrientzat erreferente izan diran emakumeei esker da. Urteetako lanaren autortzea egiteko momentua da gaurkoa: alde batetik, Fotuna klubari eta, bestetik, emakume korrikalari guztioi.

Era berean, Etxeberriak ondokoa gogorarazo dau: BSS 50/50/25 proiektua aurkeztu genduanean bagenkian epea laburra zala, baina holan adierazo nahi gendua normaltasun eza. Mugak ez dira fisikoak, gizarte eta ohitura mailakoak baino. Aurten, indar berezia jarri nahi izan dogu proiektuan, Behobia – San Sebastian parekide horretara heldu ahal izateko.

Bestalde, BIZIKI korrikalari taldeko koordinatzaile Susana Ruizek aurten ilusino berezia sentiduten dala azpimarratu dau: 50/50 helburua lortzeko motibazino berezia dago aurten. Gaur egun 11 entrenamendu talde ditugu martxan BIZIKIn. Talde mistoak badira be, gehienak emakumeak dira, edade eta maila guztietakoak. Saio bakotxa persona bakotxaren helburuetara egokitzen dogu, eta, talde integratuak diranez, guztion arteko motibazinoak aurrera egiten laguntzen dau. Emakume guztiak Behobia-Donostia lasterketan izena emon deiela animetan doguz, aurten eta urtero egin deiela.

Donostiako Alkateak, Eneko Goiak, Behobia – Donostiaren lana be balioetsi dau. Ez bakarrik kirol-balioen transmisore lez, baita uriaren ekitaldi garrantzitsuenetako batean helburu parekide hori lortzeko erreferente lez be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu