Euskadiko Filmategia izango da Film Artxiboen Nazinoarteko Batzarraren egoitza

Bizkaie! 2025-05-02 08:38   Zinemea

Sektoreko ekitaldi garrantzitsuena da.

Euskadiko Filmategia izango da Film Artxiboen Nazioarteko Batzarraren egoitza 2028an, apirilaren amaieratik maiatzaren hasierara. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak Quebecen defendidu eban hautagaitzea, Film Artxiboen Nazinoarteko Federazinoaren (FIAF) batzar nagusiaren aurrean. Fernandezek azpimarratu ebanez; FIAFen nazinoarteko batzarra Euskadin izatea erakustoki bikaina izango da ondare zinematografikoaren balioa nabarmentzeko eta sektoreko punta-puntako adituakaz ezagutzea partekatzeko.


Hitzaldian bideoa aurkeztu eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua izan zan parte-hartzaileetako bat. Sailburuak adierazo ebanez: gobernuak erabat babesten dau Filmategia ekimen horretan. Gure herrialdearen ikus-entzunezko memoria da Filmategia. Ezinbestekoa da gure tradizinoak eta joandako sasoiak gordetea eta, aldi berean, belaunaldi barriei erakustea. Bizi garen mundu global honetan, beste filmategi batzuk egiten dabena be gogoan hartu eta ikasten jarraitu nahi dogu eta gure esperientziaren barri emon ezagutza kolektibo horri.

Birtualki izan bazen be, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak parte hartu eben; lehenengoak Zinemaldiaren eta Filmategiaren arteko lankidetza iraunkorraz egin eban berba, eta Ormazabalek, barriz, Tabakalera kultura zentroak mueta horretako ekitaldiak atontzeko dituan instalazinoak nabarmendu zituan.

Nazinoarteko FIAF batzarrean 300 aditu baino gehiago alkartzen dira, izan be, mundu mailako ekitaldi garrantzitsuena da artxibo zinematografikoen esparruan. Urtetik urtera aldatu egiten da herrialde atontzailea eta mundu guztiko artxibozainek, akademikoek eta zinemagileek parte hartzen dabe.

Lehenbiziko batzarra New Yorken egin zan 1939an eta ordutik herrialdeetako uriburuetan atondu da gehienetan, estaduko zinemateken zuzendaritzapean. Iberiar peninsulako filmotekei jagokenez, Portugaleko Zinematekeak 1989an atondu eban ekitaldia, Espainiako Filmotekeak 1999an eta Kataluniakoak 2013an. Datorren urtean batzarra Rabaten (Maroko) egingo da; eta 2027an, Berlinen (Alemania).

Euskadiko Filmategiak 50 urte beteko ditu 2028an. 1978an sortu ebenetik, hainbat etapa izan ditu, hasierako garaietatik (alkarte bezela sortu zan), gaur egun arte. 2022tik, FIAFen eskubide osoko kidea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu