Euskal surfa bikain
2025-04-22 11:21 KirolaKeoni Lasa, Adur Amatriain, Annette Gonzalez-Etxabarri eta Yago Domínguez 2025eko Challenger Series txapelketan izango dira.

Keoni Lasak Europako txapeldunordearen titulua irabazi dau eta, esandako moduan, Portugalgo Caparica Surf Fest txapelketan lau euskal surflarik Challenger Series zirkuiturako txartela irabazi dabe, CTaren, Munduko zirkuitu onenaren atariko probetan egoteko: Keoni Lasa, Adur Amatriain, Annette Gonzalez-Etxabarri eta Yago Dominguez.
Challenger serieak planeta osotik heldutako surflariakaz egindako ligea da. Elitean sartzea dabe helburu guztiek. Challengerretan sartzeko, euren kontinenteko sarbide-probetan sailkatu behar izan dabe lehenago, Qualifying Series probetan. Zirkuitu profesional horrek sei proba ditu Europan eta lau onenak azken rankingean sartzen dira. Aitatutako europar zirkuitua 2024ko apirilean hasi zan eta orain, 2025eko apirilean amaitu da.
Keoni Lasa zarauztarrak bederatzigarren amaitu dau Caparican eta buru-belarri ibili da kontinenteko saria irabazteko lehian. Europako txapeldunorde dogu zarauztarra, 5.391 puntugaz eta Jorgann Couzinet frantziarrak baino ez deutso irabazi. Sopelako Yago Dominguez surflaria bosgarren izan da Portugalen eta bosgarren postuan dago Europako zerrendako sailkapen nagusian (4.394). Ondoren, Adur Amatriain zarauztarra dago, seigarren tokian (4.186), Caparican be lehiatu eta 16 onenen kanporaketara heldu eta gero.
Qualifying serieetan oso ondo ibilitako beste surflari batzuk be izan dira, besteak beste, Hans eta Kai Odriozola anaiak, Andy Criere, Ruben Vitoria edo Iker Trigueros, baina lehen atpatutako hiru euskal surflariak izan dira Challenger Seriesetan parte hartzeko pasea lortu dabenak, eta eurekaz batera, emakumezkoen artean, Annette Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak be txartela irabazi dau. Azkenean, Anettek ez dau Portugalgo proban parte hartu, baina surflari gipuzkoarrak txapelketea hasi aurretik eban laugarren postuari eutsi ahal izan deutso Europako sailkapen nagusian.
Annettegaz batera, leitekeana da Janire Gonzalez-Etxabarri ahiztea lehiatzea Challenger Serieetan. Itxaron-zerrendan dago, aurreko denporaldian egindako lan bikainaren ondorioz.
Bestalde, Nadia Erostarbe CTn lehiatzen dabil gaur egun, maila goreneko Munduko zirkuituan. Zirkuituaren erdialdean probea pasetako dauen gaitasunaren menpean dago zarauztarra, Championshiop Tourrean jarraituko dauen edo maila bat behera egingo dauen jakiteko.
Challenger serieek bost proba izango ditue aurten:
1) Burton Automotive Newcastle Surfest (Australia), bagilak 2-8.
2) Ballito Pro (Hegoafrika), bagilak 30-garagarrilak 6.
3) Lexus US Open of Surfing (Kalifornia), garagarrilak 26-abuztuak 3.
4) Ericeira Pro (Portugal), irailak 29-urriak 5.
5) Saquarema Pro (Rio de Janeiro), urriak 11-19.
Edozelan be, Nadiagaz zer pasauko dan jakin aurretik, jakin badakigu sei surflari goi mailan lehiatuko dirala denporaldi honetan. Euskal Autonomia Erkidegoak sekula ez dau izan hainbeste surflari aldi berean hain maila altuan lehiatzen, euskal surfaren munduko onenen artean dagoz talentu gazteen talentuari esker.
Zirkuitu pribatuetan euskal surflarien presentzia nabarmena da, baita Joko Olinpikoetarako sailkapena emoten dabenn eta ISAk (International Surfing Association) atontzen dituan lehiaketetan be. Gogoan izan behar da lehen aitatutako surflarietatik gehienak Surfing Games txapelketan lehiatu dirala, kategoria absolutuan: Nadia Erostarbe (6 aldiz), Keoni Lasa (4 aldiz), Adur Amatriain (birritan), Yago Dominguez (batean) eta Janire Gonzalez-Etxabarri (batean).
Euskal surflariak ohikoak dira Munduko Txapelketetako deialdietan. 2024ko Puerto Ricoko Munduko Txapelketan hiru euskal surflarik, gainera, Pariseko Jokoetan parte hartzeko txartela irabazi eben eta, esangura horretan, Nadia Erostarbe, Janire Gonzalez-Etxabarri eta Andy Criere Tahitiko olatu mitikoan saiatu ziran.
Goi mailako surflariez gan, nazinoarteko lehiaketetan euskal teknikariak eta epaileak be badagoz, berbarako, Julen Lasa edo Mikel Zalakain.
Surf egokituaren atalean bost aldiz Munduko txapeldun izan dan Aitor Francesenaren lana be nabarmendu behar da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!