Martxan da Startup Challenge ekimenaren deialdia

Bizkaie! 2025-04-16 08:56   Zinemea

Izena emoteko epea bagilaren 2ra arte da.

Donostia Zinemaldiak Zinemaldia Startup Challenge lehiaketearen zazpigarren deialdia edegi dau. Estaduko eta Europako ekintzaileei eta startupei zuzendutako lehiaketea da. Egitasmoa, ikus-entzunezkoen arloan aplikau daitekezan teknologietan oinarritzen da. Izena emoteko epea bagilaren 2an zarratuko da.

Zinemaldia Startup Challenge da Zinemaldia & Technologyren ekimen nagusia eta teknologiari eta ikus-entzunezkoen industriari buruz hausnartzeko eta sektore bien arteko hartu-emonak sustatzeko gune bezela kokatzeko helburua dau. Spanish Screenings: Financing & Tech ekimenaren jardueretako bat da.

Zinemaldia Startup Challenge ekimenaren lehiaketa horretara aurkezteko, proiektuek hainbat baldintza bete behar ditue: ekintzaile batetik edo dauela gutxi sortutako startup batetik hastea, zer garapen-fasetan dagoan alde batera itxita; ikus-entzunezkoen arloan teknologia barriak apliketan oinarrituta egotea; egoitza fiskala Espainian edo Europako beste herrialderen batean izatea; eta enpresa-proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan martxan jartzeko aukerea kontuan hartzea.

Hautatutako proiektuak irailaren 25ean Donostia Zinemaldian izango dan Zinemaldia & Technology jardunaldian aurkeztuko dira. Jardunaldi horretan, sektoreko profesional garrantzitsuen arteko hitzaldia be atonduko da.

Adituen batzorde batek (Tecnaliako, Vicomtecheko eta Euskadiko Enpresa eta Barrikuntza Zentroetako profesionalek osotua) hamar proiektu finalista aukeratuko ditu, horreetako bost Espainiakoak eta beste bost Europako gainerako lurraldeetakoak. Urtebetez Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BIC edo Business Innovation Centeretako batean inkubazinogune bat doban eskuratzeko aukerea izango dabe.

10.000 euroko sari bi emongo ditue Europako eta Estaduko proiektu onenentzat. Bestalde, 3.000 euroko aitamen berezia emongo da, hautatutako hamar proiektuetako baten ekintzailetzeagaz lotutako balioak autortzeko. Horreezaz gan, irabazleek eta finalistek 500.000 eurorainoko finantziazinoa eskuratu ahalko dabe proiektua Euskadin garatzeko.

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta SPRIren bitartez sustatzen dau Zinemaldia Startup Challenge, Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia; Donostia Zinemaldiak horreekaz lankidetzan atontzen dau Zinemaldia & Technology: Tecnalia, Alía (Ikus-entzunezkoen Industria Aliantza) eta Vicomtech.

Kultura Ministerioak, Zinemagintzearen eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren bitartez, Eraldaketa Digitalerako eta Funzino Publikorako Ministerioak, ICEX España Exportación e Inversionesek, Malagako zinema-jaialdiak eta Donostia Zinemaldiak parte hartzen dabe Spanish Screenings: Financing & Techen ekimenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu