Babak Anvariren 'Hallow Road' fimak emongo deutso hasierea FANT Jaialdiari
2025-04-15 13:30 ZinemeaMaiatzaren 2an, eguaztena, Campos Eliseos Antzokian.

FANT-Bilboko Fantasiazko Zinemaren Jaialdiak haren 31. edizioa egingo dau maiatzaren 2tik 10era. Zinemaldiaren programazinoa Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Amaia Domingo FANTeko zuzendariak eta Eugenio Puerto Zinemaldiaren programazino-arduradunak aurkeztu dabe.
Maiatzaren 2an, eguaztena, inaugurauko da FANT Campos Eliseos Antzokian, Babak Anvar zuzendariaren Hallow road filmagaz, Austineko SXSW jaialditik pasau ondoren. Thriller psikologikoa da, eta, besteak beste, Rosamund Pike eta Matthew Rhys ditu protagonista. Britainiar-irandar zuzendariak (Under the shadows eta I Came By) film luzea aurkeztuko dau ekitaldian.
Ondoren, 22:30etan, FANT Laburren-Euskal Filmak Sailaren 10 film laburrak proiektauko dira.
Aurton bost dira Zinemaldi Fantastikoaren 31. edizinoko sariak jasotzen dituen izen nagusiak: Alice Lowe, Daniel Monzón, Enrique Buleo, Saturnino García eta Eva Llorach.
Bestalde, Fantastikoaren Izarra Saria jaso dauen Alice Lowe zuzendariaren Timestalker filma aukeratu da Zinemaldiari amaierea emoteko, hilaren 9an, BBK Aretoan.
Sail Ofiziala
19 filmak Azkuna Zentroko auditorioan eta Golem Alhóndiga zinemetan proiektauko dira. Ondoko film honeek parte hartuko dabe: 1978 (Argentina, 2024), Nicolas eta Luciano Onettik zuzendua; Animale (Frantzia, 2024), Emma Benestanen lana; Breve historia de una familia (Txina, 2024), Jianjie Lin zinemagilearena; Chainsaws were singing (Estonia, 2025), Sander Maranena; Death is a problem for living (Finlandia, 2023), Teemu Nikkik zuzendua; Desert road (EUU., 2024), Shannon Triplettena; Espantaho (Filipinak, 2024), Chito Roño zinemagilearena; Juan Albarracínen El instinto (Espainia, 2024); Fréwaka (Irlanda, 2024), Aislinn Clarkek zuzendua; Gatillero (Argentina, 2025), Cris Tapia Marchiorirena; Giro final (Espainia, 2024), Norberto Ramos del Valen zuzendaritzapean; Idilia (Espainia, 2025), Javier Canales Sepulvedarena eta José Taltavull Sepulvedarena; Infinite summer (Espainia, 2024), Miguel Llansók zuzendua; Krazy house (Herbehereak, 2024), Steffen Haarsena, Flip Van der Kuilena; Mads (Frantzia, 2024), David Moreau zinemagilearena; La nuit se traîne (Belgica-Frantzia, 2024), Michiel Blanchartek zuzendua; Hur Bum-wooken Pig that survived foot-and -mouth disease (Corea del Sur, 2024), Heo Myeong-haenen The roundup: punishment (Hego Korea, 2024); eta, The silent plane (Kanada. 2024), Jeffrey St Jules zinemagilearena.
Film Luze Onenaren Fant 2024 sarietarako, Gidoi Onenaren sarietarako (Euskal Gidoilarien Alkarteak emondakoa) eta Zuzendaritza Barritzaileenerako (FAS zineklubak emondakoa) hautagaiak izango dira.
Film Laburrak
Film Laburren Sail Ofizialak 30 lan proiektauko ditu aurton, hamar euskal film laburrei eskainitako saioan, beste hamar nazinoarteko film laburren zikloan eta beste horrenbeste, Panorama Fantástico en Corto sailean.
Film laburrek be sari propioak izango ditue: Publikoaren Saria Film Labur Onenari, Epaimahaiaren Sariak Nazinoarteko Film Labur Onenari eta Euskal Film Labur Onenari Sail Ofizialean eta Epaimahaiaren Film Labur Onena Panorama Sailean.
Jaialdiak tokiko talentuaren alde egingo dau, Sail Ofizialean euskal film laburretarako lekua emonez. Aukeratutako filmak ondoko honeek dira: A-Maniki (2025, Elixabet Nuñez); Una carroña (2024, Daniel Alegrete); Deja de hablar (2024, Laura Guerricaechevarría); Ehiza (2024, Aitzol Saratxaga); Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (2024, Izibene Oñederra); Gizaki (2024, Xanti Rodríguez); Hotz (2024, Lander Castro); Planetagatik (2024, Eneko Muruzabal Elezcano); Presencia (2024, Igor Salutregi Gabiola); eta Tragedium (2024, Gastón Haag).
Sariez gain (epaimahaiarena eta publikoarena FANT Sail Ofizialeko film labur onenarena; eta epaimahaiarena FANT Sail Ofizialeko euskal film labur onenarena), Euskal Aktoreen Batasunak Interpretazio Onenaren saria emango du film labur hauetan.
Sail Ofizialean ondoko nazinoarteko film labur honeek egongo dira: Ángulo muerto (Espainia, 2024), Cristian Betetak zuzendua: Buffet paraíso (Espainia, 2024), Santi Amezqueta eta Hector Zafra zinemagileena; Depredador (Espainia, 2024), Javier Fesserrena; Frascos vacíos (Txile, 2024), Guillermo Ribbecken zuzendaritzapean; Game over (Frantzia, 2023), Adrian Cacciolarena; Granada (AEB, 2024), Gianfranco Fernández-Ruizek zuzendua, La valla (Espainia, 2024), Sam Ortirena; (Pre) Sentiment (Espainia, 2025), Marisa Crespo eta Moisés Romeraren zuzendaritzapean; Sammi, who can detach his body parts (Indonesia, 2025), Rein Maychaelsonena; eta Træer malet i tjære/Trees painted in tar (Danimarka, 2024), Casper Rudolfek zuzendua. Hamar sorkuntza horreek hilaren 3an, zapatuan, ikusi ahal izango dira, 19:00etatik aurrera, Azkuna Zentroa-Alhondiga Bilbaoko Auditorioan.
Panorama Saileko 10 film laburrak ondoko honeek dira: Xavier Mesmek zuzendutako La bouteille (Frantzia, 2024); Manuel Manriqueren Una cabeza en la pared (Espainia, 2024); Scohy Thomasen zuzendariaren Grillés (Frantzia, 2024); Tereza Kovandovak zuzendutako Humanity (Txekiar Errepublika, 2024); Alberto Evangelioren Intercanvi (Espainia, 2024); Javi Prangelioren zinemagilearen Listen (Espainia); Ocularis (Argentina, 2024), Juanzi Amaya eta Alejandro Bogadok zuzendua; OK/NOTOK (Erresuma Batua, 2024), Pardeep Sahotarena; El tren de la bruja (Espainia, 2024), Marcel Sesplugues Arteagak zuzendua; eta Vie et mort des écrans de veille dans une salle informatique (Frantzia, 2024), Mathilde Rémy zinemagilearena. Golem Alhondiga zinemetako 2. aretoan, maiatzaren 3an, proiektauko ditue.
Euskerearen presentzia handiagoa
Ikus-entzunezko sorkuntza babestea da Fantasiazko Zinema Jaialdiaren helburuetako bat, batez be, euskeraz egindako lanak, Bilboko 2023 – 2033 Kultura Plan Estrategikoaren ildoetan jasotzen dan lez. Horregaitik, FANTek bigarren urtez bultzatzen dau euskerazko fantasiazko film labur bat produziduteko proiektuak sustatzeko deialdia.
Aukeratutako proiektuek 5.000 euroko saria jasotzeko aukera dabe, film labur bat egitea errazteko. Zinemaldiaren esparruan, parte-hartzaileek euren proiektuak aurkeztu eta defendauko ditue.
Sariak
FANT-Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak Alice Lowe aktore, zuzendari eta gidoilari britainiarrari emongo deutso Fantasiazko Izarra Saria. Gaur egun, fantasiazko zinemako emakume ospetsuenetako bat da. Haren azken film luzea Timestalker, Sitgeseko Zinemaldian estreinau zan. Era berean, publikoak Black Mirror eta Darkplace telesailetan egindako lanagaitik ezagutzen dau. Horreezaz gan, Prevenge (2016) komedia baltza idatzi, zuzendu eta protagonizatu dau, baita Sightseers (2012) be.
Bestalde, Zinemaldiak ibilbide luzea daben persona bi autortuko ditu Ohorezko FANT Sariagaz: Daniel Monzón eta Saturnino Garcia.
Daniel Monzón kazetaria eta zinema-kritikaria izan zan zuzendari bezela hasi aurretik eta zazpi film zuzendu ditu orain arte. 1999an egin eban debuta, El corazón del guerrero filmagaz. Amsterdamgo Fantasiazko Zinemearen Jaialdiko sari bi eskuratu zituana, Montrealeko (Kanada) FANT–Asia Zinemaldian Nazinoarteko Film Onenaren Saria eta Fantasiazko Film Onenaren Saria Portugaleko Fantasporto Zinemaldian. Film horren proiekzino berezia eskainiko da FANT 2025ean. Celda 211 haren lanik ezagunena, zortzi Goya sari irabazi zituan. El niño izeneko haren beste film batek Goya sarietarako hamasei izentapen jaso zituan, eta azken lanak, Las leyes de la frontera, sei ataletan izentauta egon zan.
Saturnino Garcia Leongoa da jaiotzez, baina euskal aktorea adopzinoz. Besteak beste, Justino, un asesino de la tercera edad lanagaitik gizonezko aktore barri onenaren Goya saria jaso eban. Gaur egun lanean jarraitzen dau.
Alice Lowek eta Saturnino Garciak FANTen 31. edizinoaren itxierea ekitaldian jasoko dabe saria, maiatzaren 9an, barikua, BBK Aretoan. Egun horretan be, Loweren azken proiekzinoa proiektauko da: Timestalker.
Zinemaldiak Eva Llorach gehituko dau aurtongo FANT Ohorezko Sarietara. Aktore horrek saria jasoko dau maiatzaren 2ko inaugurazino-galean. Llorachek 6 sari jaso ditu Quién te cantará filmean Violeta bezela egindako lanagaitik, besteak beste, 2019an Goya bat lortu eban aktore barri bezela eta urte horretan bertan emakumezko aktore onenaren Feroz saria emon eutsen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!