Martxan da Euskadiko lehenengo Bike Park pistea

Bizkaie! 2025-04-15 08:11   Kirola

2025ean zehar, bigarren eta azken faseko lanak hasiko dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak amaitutzat emon dau Euskadiko diziplina anitzeko Bike Parkearen lehenengo fasea, Arrigorriagako Montefuerte parkean. Espazio barri horren helburua da txirrindulari kualifikatuei lekua eskaintzea, hainbat modalidade (Cross Country, Down Hill, Ciclocross, BTT edo Dirt) modu seguru eta kontrolatuan praktiketako egokitua.

Pistara egindako bisitean, Arantza Atutxa Natura Ingurune eta Nekazaritza diputaduak ondokoa nabarmendu dau: Foru Aldundiko Natura Ingurune eta Nekazaritza Sailak martxan jartzen dituan ekintzen barruan sartzen da, eremu naturalak herritarren erabilerarako egokitu daitezan. Halanda ze, Montefuerteko diziplina anitzeko Bike Parkea prest dogu, kirolarien kolektibo batek erabil deian. Horregaz batera, Álex Álvarez izan da, Miribilla Cycling Eskolako presidentea, baita Manu Gómez Arredondo be, Bizkaiko Txirrindularitza Federazinoko presidentea.

Zirkuituak ingurunean integratuz diseinau dira, makineria txikia erabiliz eta sektoreko profesionalek eskuz egin ditue lan gehienak. Ez da inolako zoladurarik erabili, bidezidorren naturaltasuna errespetatzearren. Era berean, material naturalak aukeratu dira.

Lehenengo fasea amaituta eta edegita dago, 4,8 kilometroko pistekaz.

Pistea diseinetako eta probetako prozesuan, Bizkaiko Foru Aldundiak hartu-emon zuzenak izan ditu aholkularitza teknikoa emon daben Miribillako Cycling Eskoleagaz eta Bizkaiko Txirrindularitza Federazinoagaz.

Manu Gómez Arredondo Bizkaiko Txirrindularitza Federazinoko presidenteak eskerrak emon zituan haren hitzaldian foru erakundeak proiektuaren garapenean izan daben inplikazioagaitik: instalazinoen erabilerea eredugarria egin behar dogu eta holako inbersinoek merezi dabela erakusten jarraitu.

Miribillako Cycling Eskolako presidenteak, barriz, esan dau: Bike Parkea aurrerapauso handia izan da gure eskolako umeen eta gainerako erabiltzaileen ikaskuntza kalidadean.

Bike Parka osotuko dauen bigarren fasea 2025ean hasiko dala aurreikusten da eta 2026an amaitu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu