Alice Lowek jasoko dau Fantasiazko Izarra Saria
2025-04-07 13:46 ZinemeaDaniel Monzonek eta Saturnino Garciak, barriz, Ohorezko Fant Sariak.

FANT-Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak Alice Lowe aktore, zuzendari eta gidoilari britainiarrari emongo deutso Fantasiazko Izarra Saria. Gaur egun, fantasiazko zinemako emakume ospetsuenetako bat da. Haren azken film luzea Timestalker, Sitgeseko Zinemaldian estreinau zan. Era berean, publikoak Black Mirror eta Darkplace telesailetan egindako lanagaitik ezagutzen dau. Horreezaz gan, Prevenge (2016) komedia baltza idatzi, zuzendu eta protagonizatu dau, baita Sightseers (2012) be.
Bestalde, Zinemaldiak ibilbide luzea daben persona bi autortuko ditu Ohorezko FANT Sariagaz: Daniel Monzón eta Saturnino Garcia.
Daniel Monzón kazetaria eta zinema-kritikaria izan zan zuzendari bezela hasi aurretik eta zazpi film zuzendu ditu orain arte. 1999an egin eban debuta, El corazón del guerrero filmagaz. Amsterdamgo Fantasiazko Zinemearen Jaialdiko sari bi eskuratu zituana, Montrealeko (Kanada) FANT–Asia Zinemaldian Nazinoarteko Film Onenaren Saria eta Fantasiazko Film Onenaren Saria Portugaleko Fantasporto Zinemaldian. Film horren proiekzino berezia eskainiko da FANT 2025ean. Celda 211 haren lanik ezagunena, zortzi Goya sari irabazi zituan. El niño izeneko haren beste film batek Goya sarietarako hamasei izentapen jaso zituan, eta azken lanak, Las leyes de la frontera, sei ataletan izentauta egon zan.
Saturnino Garcia.
Saturnino Garcia Leongoa da jaiotzez, baina euskal aktorea adopzinoz. Besteak beste, Justino, un asesino de la tercera edad lanagaitik gizonezko aktore barri onenaren Goya saria jaso eban. Gaur egun lanean jarraitzen dau.
Alice Lowek eta Saturnino Garciak FANTen 31. edizinoaren itxierea ekitaldian jasoko dabe saria, maiatzaren 9an, barikua, BBK Aretoan. Egun horretan be, Loweren azken proiekzinoa proiektauko da: Timestalker.
Jarduera paraleloak eta PreFANT
Azken hilabeteetan Nacho Vigalondoren Daniela Forever eta Pablo Hernandoren Una ballena filmen aurrestreinaldiak egin dira PreFANTen.
Hurrengo hitzordua apirilaren 10ean izango da FANT Bilbao jaialdiaren 31. edizinoko kartela inspiretan dauen La matanza de Texas filmaren proiekzinoagaz. Hitzordua 19:30etan izango da Golem-Alhondiga Zinemetan. Sartzea libre izango da lekua bete arte, baina 16:30etik aurrera konbidapena jaso beharko da zinemako leihatiletan.
Era berean, Zinemaldiak jarduera paraleloen programazinoa aurkeztu dau, besteak beste, erakusketak, literatur aurkezpenak eta kontzertuak, baita Enrique Buleok eskainiko dauen Fantrobia 2025 Saria be: Método de trabajo: de la inspiración a la pantalla. Hitzordua maiatzaren 8an izango da, 12:30ean, BBK Aretoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!