Enrique Buleok jasoko dau Fantrobia Saria

Bizkaie! 2025-04-01 08:40   Zinemea

Ganera, Método de trabajo: De inspiración a la pantalla berbaldia eskainiko dau maiatzaren 8an.

FANT-Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak Enrique Buleo zuzendariari emongo deutso Fantrobia Saria. Bodegón con fantasmas haren lehen film luzeagaz Kritikearen Saria jaso dau Aby Zineman eta Donositiako Fantasiazko Zinemearen Astean.

Era berean, Buleok Decorosa, El infierno y tal edo Las visitantes lako film laburrak zuzendu ditu, nazinoarteko jaialdi askotan aurkeztuak.

Maiatzaren 2tik 10era egingo dan Bilboko Zinemaldian, Enrique Buleok Método de trabajo: De inspiración a la pantalla izeneko berbaldia emongo dau maiatzaren 8an 12:30ean BBK Aretoan (sartzea libre izango da lekua bete arte).

Ondoko honeek dira aurtongo epaimahaiak: Diana Rojo, Esty Quesada eta Justo Ezenarro (Sail Ofiziala); eta Ainhoa Urgoitia, Gigi Romero eta Ivan Villamel (Panorama Fantastikoa Saila).

Literatureai buruzko erakusketak eta hitzorduak

Zinemaldiak jarduera osogarrien programea aurkeztu dau, besteak beste, erakusketak, kontzertuak eta literatura aurkezpenak. Horreei 2025eko Fantrobia Sariak emondako berbaldia gehitu jake.

Zinemeak eta literatureak bat egingo dabe Felipe Mugicaren Akira y los animales que lo cambiaron de todo liburuaren aurkezpenean, Abandoko Udaltegian, apirilaren 23an, eguaztena, 19:30ean. Liburuak Katsuhiro Otomo sortzailearen ibilbidea adierazoten dau.

Lehenago, Zeren beldur? Quién dijo miedo erakusketea edegiko da, Nahiarte sorkuntza guneak sustatua aurtongo jaialdirako. Desgaitasun psikikoa edo intelektuala daben eta garapen personal eta profesionaleko programean parte hartzen daben artistek hainbat urte daramatzate jaialdiagaz alkarlanean. Horren adibide da Fantartistak, joan dan urtarrilera arte Bizkaiko Batzar Nagusiak erakudearen egoitzan jarritako 30 edizinoetako karteldegia barrinterpretatzen eban erakusketea. Zeren beldur? Quién dijo miedo Abandoko Udaltegian egongo da ikusgai apirilaren 22tik maiatzaren 12ra.

Ganera, Begoñako Udaltegiko liburutegian Space Opera euskal komikian erakusketea egongo da maiatzaren 2tik 25era. Bidaia espazialekaz lotutako euskal komikiak batzen ditu, horreen testuinguru historikoa aztertuz.

Maiatzaren 3an, zapatua, 12:00etan, Horror Girls. WomanInFan Europa liburuaren aurkezpena izango da Azkuna Zentroko Bastida Aretoan, Sitges Fundazinoko zuzendari Mónica García Massaguek koordinauta eta Vocento taldeko kazetari eta zinemean espezialista dan Begoña del Tesok aurkeztua.

1973an Vera estreinau zan, Josefina Molinak zuzendutako istorio kruela eta Estaduan emakume batek zuzendutako beldurrezko lehen filma. Berrogeita hamar urte ondoren, hogei emakume zuzendari baino ez dira hurreratu genero horretara Estaduan.

Musikea

Musikea be presente egongo da jaialdian. Apirilaren 30ean, eguaztena, 20:00etan, She is a Devil taldeak Bilborocken joko dau. Ondoko honeek dira taldekideak: Almudena Hormaechea (ahotsea eta teklatua), Marcelo Hormaechea (bajua), Jose Prieto (gitarrea), Ricardo Cantera (bateria) eta Nerea Bermejo eta Montse Iglesias (jantzariak).

Aurtondo edizinoa Esty Quesadak (Soy Una Pringada) zarratuko dau. Kontzertua maiatzaren 9an izango da, barikua, Kobak Aretoan, 22:00etatik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu