Aitor Francesena surflariak Australiako probea irabazi dau

Bizkaie! 2025-03-31 07:57   Kirola

Basque Teameko kirolaria prest egoan holako egitadea lortzeko.

Lana eginda egoan eta Ozeaniarako bidaia luzeari pozez zoratzen ekin eutson, Munduko txapeldun bihurtzeko lehen urratsa emoteko ilusinoagaz.

Ilusinoa errealidade bihurtu da. Surflari itsuen kategoriako lehen sailkapen-jardunaldia gainditu ondoren, Aitorrek ingurua ondo baino hobeto ezagutzen daben surflari australiar bigaz neurtu behar izan ditu indarrak: Kirk Watson eta Steven Fox. Aitorrek laster hartu dau 5.33ko olatua eta Watsonek 2.00 eta 1.97ko olatuakaz eta Foxek 5.17ko olatuagaz erantzun daben arren, Aitorrek gogor egin eta eta 3.83ko beste bat surfeau dau. Azkenean, nahikoa izan da, Foxek eta Watsonek aukeratutako olatuek ez baititue aurreko puntuazinoak gainditu. Aitor 9.16 puntugaz bagusitu da, Steven Foxen (6.54) eta Kirk Watsonen (4.37) aurretik.

Holan ekin deutso Aitorrek 2025eko AASP zirkuituari. Lehenengo probea Byron Bayn (Australia) egin da, bigarrena Waikikin (Hawai) jokatuko dabe maiatzaren 15etik 19ra eta hirugarrena irailaren 4tik 7ra Oceansiden (Kalifornia).

Gogoan izan behar da Aitor Munduko txapeldun izan zala bi aldiz 2023an. Urte horretan Adaptive Surfing Professionals World Championship zirkuitua eta AMP Surf (Surfeatzaile Anputatuen Alkartea) zirkuitua irabazi zituan, azken hau Surf Leaguerako sortzaileen eta Nazinoarteko Surf Alkartearen (ISA) berme eta estandarrakaz. Gainera, bost urteko geldialdiaren ondoren bueltau zan Europako Parasurfing txapelketako irabazlea izan zan.

Aitor Francesenak ez dau deskantsurik behar. Oraingoz, zarauztarrak irabazi eta irabazi dabil hemen eta munduan; Aitor Francesena askotan izan da aurrendaria bere bizitzan; berak dinoen lez, 'Zarautzen surfean hasi zan lehen zoroetako bat izan nintzan, diziplinako lehen entrenatzaileetako bat eta estadu mailako lehen hautatzailea, eta beragaz batera, Aritz Aranburu birritan heldu zan surfaren Munduko elitera.

Glaukomea diagnostikau eutsen 14 urtegaz eta eskuineko begia galdu eban ebakuntza askoren ondoren. Halan da be, surfari ez eutson agurrik esan eta bere bizimodu eta zeregin bihurtu zan.

Beti izan da aurrendaria. Kirol honen lehen eskolea edegi eban estadu mailan 1988an, Zarautzen. Estaduko lehen surf entrenatzailea izan zan, eta bere irakaskuntza-metodoa oraindino be ia eskola guztietan erabilten da. Aritz Aranburu, Mario Azurza edo Axier Muniain entrenau ditu, besteak beste.

2012an olatu handi batek bere kontra jo eta ezkerreko begia txikitu eutson, erabat itsu geratuz. Ospitaletik urten eta hiru hilebetera, ostera, surfean hasi zan barriro. Ohol zabalagaz eta olatu txikiakaz hasi zan baina laster hasi zan ohol estu eta handiagoakaz. Bizitako guztiak ez deutso eragotzi hobetzen eta itsasoaz gozetan jarraitzea, bost aldiz Munduko txapeldun izan da eta estadu eta nazinoarte mailan titulu ugari eskuratu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu