Pablo Hernandok 'Una ballena' filma estreinauko dau PreFANTen
2025-03-26 13:45 ZinemeaGaur, hilak 26, 19:30ean, Golem – Alhondiga zinema-aretoetan.

PreFANT zikloak Pablo Hernando gasteiztarrak zuzendutako Una ballena filma estreinatuko da gaur, hilak 26, 19:30etan, Golem – Alhondiga zinema-aretoetan. Sartzea doban da, baina 16:30etik aurrera konbidapenak jaso beharko dira zinemako leihatiletan.
Aurkezpen ekitaldian, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Pablo Hernando filmaren zuzendariak, Ramon Barea aktoreak eta Amaia Domingo FANT Bilbaoren zuzendariak hartu dabe parte.
Errealizadore gasteiztarraren bakarkako hirugarren film luzea da, igaz Sitgeseko Zinemaldiko lehiaketa ofizialean parte hartu ebana.
Una ballena generoen konbinazinoa da: zinema baltza, zientzia-fikzino, beldurra eta thrillerra. Filmak Ingrid hiltzaile profesionalaren istorioa kontetan dau. Sekulako trebetasuna dau haren burua infiltratu eta desagertzeko, baina portuaren kontrola lortzeko lehian dabizen kontrabandista biren artean harrapauta geratu da. Itxuraz kriminalen istorio bezela aurkezten dana eremu onirikoetan sartzen da, kontakizun baten alderdirik fantastikoenak besarketako. Ikusmenetik ezkutetan diran mundu ikusiezinak, mamuen presentzia eta errealidadean apartekoa dana, errealizadoreak irudimenez eta misterioz arakatzen ditu. Filma martiaren 28an estreinauko da zinema-aretoetan.
Pablo Hernando gasteiztarra estaduko errealizadore gazte interesgarrienetako bat da. Ikuspegi eta hizkuntza zinematografiko propioagaz, zuzendari bezela izan dauen ibilbidea laburra da oraindik, baina Cabás lako lanak egin ditu, kritikearen interesa bizteko gai izan zan opera prima, aurrekontu txikia izan arren. Haren bigarren filma, Berserker, barriz, Sevillako Europar Zinema Jaialdian Olatu Barrien Sari Berezia jaso eban. Halaber, 2021eko Malagako Zinemaldian Zuzendaritza Onenaren Zidarrezko Biznaga saria jaso eban El ruido Solar film laburragaitik.
Una ballena
- Aktoreak: Ingrid García Jonsson, Ramón Barea, Asier Tartás eta Kepa Errasti.
- Gidoia eta zuzendaritzea: Pablo Hernando.
- Generoa: Thriller fantastikoa.
- Hizkuntzea: gaztelania.
- Urtea: 2024.
- Iraupena: 108 minutu.
- Filma martiaren 28an estreinatuko da maila komertzialean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!