Igor Legarreta bilbotarra 'Inurri itsuak' filma grabetan dabil Bizkaian
2025-03-26 08:00 ZinemeaUrko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea eta Miren Gaztañaga dira protagonistak.

Pasa dan martiaren 13an hasi ziran Inurri Itsuak grabetan, Igor Legarreta zinemagilearen hirugarren film luzea (Ilargi guztiak, Cuando dejes de quererme). Grabaketa lanetan 10 aste inguru emongo ditue, maiatzaren erdialdera arte, hain zuzen be. Bizkaiko hainbat tokitan (Bilbo, Elorrio, Galdakao, Getxo, Gorliz, Sagasta, Mundaka) grabauko da; horreetan Euskal Herriko paraje natural ikusgarrienetako batzuk eta dekoratu handiak buztartuko dira.
Filmaren protagonistak dira Urko Olazabal (gizonezko bigarren aktore onenaren Goya saria Maixabel filmagaitik eta gizonezko aktore protagonista onenaren sarirako izentauta Soy Nevenka filmagaitik), Itziar Ituño (La casa de papel, Intimidad, Irati), Josean Bengoetxea (Balenciaga, Errementari, Loreak), Miren Gaztañaga (Los últimos románticos, Ane, El hoyo), Unax Hayden (20.000 erle espezie, Irati) eta Patxi Bisquert (Oreina, Tasio). Filmak Carlos Santosen (Invisible, 1992) lankidetza berezia dau. Dani Cabrera (Querer), Kimetz Etxabe (Go!azen), Markel Martínez (Nosotros), Anuk Puértolas eta Elena Uriz (Irati) aktoreek osotzen dabe aktoreen zerrendea.
Euskeraz idatzi dabe obrea Legarretak eta Andoni de Carlosek (Faisaien irla, Altsasu, eta Goya saria Handia filmagaitik). Inurri Itsuak Ramiro Pinillaren Las ciegas hormigas eleberrian dago oinarrituta, XX. mendeko 30eko hamarkadako Espainiako biziraupen-historikoa, 1961ean Nadal Saria merezidu izan ebana.
Igor Legarretak zuzenduta, Inurri Itsuak filman Imanol Nabea da argazki-zuzendaria (Tratamos demasiado bien a las mujeres). Mikel Serrano, barriz, arte-zuzendaria (Goya sariduna Akelarre eta Handia filmeakaitik). Maite Tarilonte (La fortuna, Patria) arduratu da jantziez. Abigail Machado (Vampire Academy) makillajeaz arduratu da eta Clara Domínguez (Las invisibles), barriz, ule-apainketaz. Maialen Sarasua (Faisaien Irla, Marco) muntaketaz. Pascal Gaignek (Nosotros, La ermita, Goya sariduna Handia filmagaitik) soinu-bandea egin dau. Pablo Barinada da produkzino-zuzendaria eta Iker Ganuza, Pablo Barinaga eta Luis Ferrón dira produktore eragileak.
Inurri Itsuak ondoko honeek produzidu dabe: Bruja del Norte Films, AIE; Lamia Producciones Audiovisuales, SL; Lazona Zinema, SL; Lazona Producciones, SL; Sideral Cinema SL eta Buendía Estudios Bizkaia, SLU; Caviar Antwerp BVegaz koprodukzinoan. Filmak EITBren eta Atresmedia Cine produkzino-etxeen parte-hartzea dau, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzeagaz; eta Elkargi, SGRren eta Kutxabanken finantziazinoa dau. Espainian estreinauko da, Buena Vista Internationalek banatuta.
Igor Legarreta zuzendariak ondokoa adierazo dau: Ramiro Pinillaren eleberria irakurri nebanetik, pantaila handira eroan nahi izan dot zoritxarreko erresilientziari eta gizakiaren biziraupenaren aldeko betiko burrukeari buruzko istorio hunkigarri hau, humanismoz betea. Filma landa-giroko western tragikoa da, personaia handiak dituana. Gaurkotasuneko gaia dauen drama historikoa; esaterako, pobrezia energetikoa testuingurua dakarrena.
Produktoreen berbetan, filmak garai erabagigarri baten deskribapena egiten dau eta baliabide gitxiko familia bat da protagonistea.
Inurri itsuak
Bizkaia, 1935. Denporale gogor baten ondorioz, ikatz-tonaz betetako itsasontzi ingeles batek hondoa jo dau. Gauez, Algortako bizilagunak itsasertzera joaten dira urre baltza eskuratzeko. Sabas Jaureguik aukera parebakoa ikusi dau gjazoera horretan; baina Josefa emaztearentzat, seinale txarra da. Emaztearen erreguei jaramonik egin barik, Sabasek seme-alabak eraongo ditu bertara. Familiak pentsauezina egingo dau negutik salbau edo betirako kondena leikeen ikatza babesteagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!