'Aukera historikoa dogu, arabere gehiago Athletic txapelduna bada'
2025-03-21 12:47 KirolaUEFA Europa Leagueko finala maiatzaren 21ean izango da.
UEFA Europa Leagueko 2025eko Finala sustatzen daben euskal erakundeek, Eusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, Bizi beharreko Finala – Una Final de Aupa kanpainea aurkeztu dabe, tokiko sustapen eta sensibilizazino kanpainea, Euskadin lehen aldiz egiten dan erreferentziako nazinoarteko kirol-ekitaldi baten anfitrioi izatearen harrotasuna eta erantzukizuna erakusteko.
Bizi beharreko Finala – Una Final de Auparen helburua da maiatzaren 21eko finala futbolaz harago doan partidua izango dala erakustea. Aitatu erakundeek sustatutako kanpaineak, aldi berean, bakar eta berezitzat jasoten dau.
Partidurako hilebete bi falta diranean, finala sustatzen daben hiru euskal erakundeek proiektu arrakastatsua izateko eta mugarri historiko bezela bizi daigun azpimarratu dabe.
Ibone Bengoetxeak, Eusko Jaurlaritzako Lehen Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak, ondokoa adierazo dau: Europako final batek Euskadiri munduan emoten deutson ikusgarritasuna eta proiekzinoa nabarmendu behar dogu, gizarte-kohesinorako tresna dan kirolaren bidez gure nortasun propioa eta berezia eta gure herri-balioak ezagutarazoteko aukerea, halanda ze, Euskadi munduan kokatzeko giltzarria da.
Beste alde batetik, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, azpimarratu dauenez, nazinoartean proiektetako beste aukera handi bat be bada. Munduari garena erakusteko, gizarte moderno, fidagarri eta abegikorra. Guztiok, erakundeek eta herritarrek, aukerea aprobetxetan jakingo dogu.
Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak gogorarazo dauenez: oso garrantzitsua da finala San Mamesen jokatzea, nazinoartean dauen oihartzunagaitik. Maiatzaren 21ean gure urian Europako futbol finala biziteko aukera historikoa izango dogu; arabere gehiago Athletic txapelduna bada.
Eusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak urteak daroez alkarregaz ekitaldi handiak babesten eta maiatzaren 21eko partidua, Euskadiren, Bizkaiaren eta Bilboren nazinoartekotze-estrategia sustatzeko aukerea da.
Aritz Aduriz, Europa Leagueko UEFAko enbajadorea, euskal erakundeetako ordezkariekaz batera azaldu da eta Kopa San Mameseraino ekarri eta eszenatokiko idulki baten jarri dau. Finaleko baloia San Mameseraino ekarri dauen Karla Alaizak lagunduta egin dau.
Karla Alaiza igazko Emakumezkoen Txapeldunen Finala zala-eta, Bilbon Poza Lizentziatuaren kalearen amaierean jarri zan brontzezko eskulturea inspirau eban neskea (Nahia) da. Momentu hunkigarria, UEFA Women's Champions League 2024ko Finaleko lekukoa UEFA Europa Leagueko 2025eko Finalera eskualdatzea sinbolizau dauena.
Maitane Urbieta kazetariak gidatu dau UEFA Europa Leagueko 2025eko Finalaren aurkezpen-ekitaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!