Fantek Pablo Hernandoren 'Una ballena' filmaren aurresteinaldia hartuko dau

Bizkaie! 2025-03-17 12:28   Zinemea

PreFANT zikloaren barruan kokatzen da eta martiaren 26an izango da, 19:30ean.

Bilboko Udalak atontzen dauen Jaialdiaren 31. edizinoa maiatzaren 2tik 10era egingo da baina programazioaren aurrerapen legeza, PreFANT zikloa atondu dau Zinemaldiak eta hor Pablo Hernandok zuzendutako eta igaz Sitgeseko Zinemaldiko lehiaketa ofizialean parte hartu eban Una ballena filma aurrestreinauko dabe aurten.

Filma martiaren 26an, eguaztenean, proiektauko da, Golem-Alondigan. Sartzea doban izango da lekua bete arte. Konbidapena jaso beharko da zinemako leihatiletan 16:30etik aurrera.

Aurretik, goizean bertan, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Pablo Hernando filmaren zuzendariak eta Ramón Barea protagonistetako batek aurkeztuko dabe filma komunikabideen aurrean.

Una ballena Ingriden istorioa kontetan dauen fantasiazko thrillerra da. Ingrid García Jonssonek antzeztua, portuaren kontrola lortzeko lehian dagozan kontrabandista biren artean harrapauta dagoan hiltzaile profesional bat da. Protagonistak berezko trebetasuna dau arrastorik itxi barik infiltretako eta desagertzeko; bere gaitasuna, berez, beste mundu bategazko lotura arraro batetik dator, apurka-apurka errealidadearen arrakalen artean iragaziz eta ikuslea eszenatoki nahasgarri batean sartuz doana.

Pablo Hernando gasteiztarra espainiar zinema barriaren ahots berezienetakotzat joten da. Una ballena bakarkako bere hirugarren film luzea da eta gidoia be idatzi dau.

Una ballena

  • Aktoreak: Ingrid García Jonsson, Ramón Barea, Asier Tartás eta Kepa Errasti.
  • Gidoia eta zuzendaritzea: Pablo Hernando.
  • Generoa: Thriller fantastikoa.
  • Hizkuntzea: gaztelania.
  • Urtea: 2024.
  • Iraupena: 108 minutu.
  • Filma martiaren 28an estreinauko da zinema-aretoetan.

Edizio honetako PreFANT zikloaren bigarren hitzordua da hau, zezeilaren 12an Daniela Forever filma aurrestreinau baitzeben, Nacho Vigalondo zuzendaria bertan zala. Era berean, apirilaren 10ean La matanza de Texas proiektauko da, FANT Bilbao jaialdiaren 31. edizinoko kartelean inspirautako filma. Hitzordua 19:30ean izango da Golem-Alhondigan. Sartzea librea izango da lekua bete arte, baina 16:30etik aurrera konbidapena jaso beharko da zinemako leihatiletan.

Euskerazko film laburrak produziduteko laguntzea

Fantasiazko filmak erakusteaz gan, FANT jaialdiak ikus-entzunezko sorkuntzeari laguntzea dau helburu, Bilboko 2023 – 2033 Kultura Plan Estrategikoaren barruan Uribilduaren kultur sorkuntzea bultzatzeko dagoan ildo estrategikoari jarraituz. Esangura horretan, FANT jaialdiak euskerazko fantasiazko film labur bat produziduteko proiektuak aurkezteko deialdia edegi eban urtarrilean. Deialdiaren epea martiaren 28an amaituko da.

Sari hau 5.000 eurokoa da eta irabazleei film labur bat egiteko aukerea emoten deutse. Parte-hartzaile bakotxak gehienez proiektu bi aurkeztu ahal izango ditu, gehienez 20 minutukoak.

Lanak www.fantbilbao.eus webgunearen bidez bialdu behar dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu