Pello Gutierrezen 'Erreplika' maiatzaren 9an estreinauko da

Bizkaie! 2025-03-14 09:28   Zinemea

Euskal Zinemearen Irizar Sarian Epaimahaiaren Aitamen Berezia irabazi eban.

Pello Gutierrezen Erreplika film luze dokumentala zinema-aretoetan estreinauko da maiatzaren 9an, Tesalonicako Zinemaldi Dokumentalaren 27. edizinoan parte hartu ondoren, Film Forward Competition sailaren barruan. Atera Filmsek banatuko dau.

Erreplikak Euskal Zinemearen Irizar Sarian Epaimahaiaren Aitamen Berezia irabazi eban Donostia Zinemaldian eta Zinebin be parte hartu dau, Beautiful Docs - Munduko Dokumentalen Panorama sailean.

Iñaki Sagastume, David Aguilar Iñigo eta Pello Gutierrezek idatzia eta Gutierrez berak zuzendua, Erreplika euskerazko 74 minutuko dokumentala da. Argazki zuzendaria David Aguilar Iñigo da eta Arte zuzendaria Arrate Rodriguez. Soinuaren ardurea Maitane Carballorena izan da, Iosu Gonzalez soinu diseinu lanetan ibili da eta Maider Blazquez Gonzalezek nahasketak egin ditu. Maite Larburuk soinu bandea konposatu dau. Pello Gutierrez eta David Aguilar Iñigok jardun dabe filmaren muntaketan. Iñaki Sagastume produktorea izan da eta Kany Peñalba, barriz, produktorea alkartua.

Zinebi Networking EITB Saria irabazi eban proiektuak (Bilboko dokumentalen eta film laburren jaialdian) eta Bartzelonako L'Alternativa zinemaldiko Cinema Pendent sailean parte hartu dau (GAC-eko Pitching Forumean). Ganera, ondoko zereginetan ibili da: Sustraiak laborategi eta erresidentzia artistikoa, Katixa Agirre eta Harkaitz Canoren gidaritzapean; María Zamorak eskainitako Nazinoarteko Koprodukzino tailerra (Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi); Alvaro Vegak eskeinitako pitchinga; eta, Bilibin Circularreko Green Film ikastaroa.

Filmak EITBren partaidetzea dauka, baita Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzinoa be.

Pello Gutierrez zuzendariaren berbetan: dokumentala irudien bidez sortu da, baina ahotsaren bidez egin da. Nire ahotsak gidatu dau filma eta protagonisten ahotsek emoten deutse jarraipena: joandako jazoerak gogorarazoten ditue, desagerpenari buruz idatzi diran dokumentu, errastu eta testuak irakurriz. Personaletik kolektibora, ikerketa horrek herri honen akorduan arakatu nahi dau, irudi ezaren bidez. Aldi berean, galdu barri dogun ahaidearen galerearen aurrean, irudiari eta memoriari buruzko hausnarketa planteatzen dau.

Erreplika

1979an Zikuñagako Ama Birjinea desagertu egin zan, Hernaniko biztanleek irudi ikonikoa galduz. Zulo bat horma-hobian. Hutsune kolektibo bat. Hau hutsuneei buruzko filma da. Nire aita, Juanmi Gutierrez zinegilea, orain urte batzuk hil zan. Orain, denpora tarte bat pasau danean, bere filmetara bueltau naz memoria personaleko ariketan. Irudien bitartez egiten dot memoria. Edo hobeto esanda, irudi ezaren bitartez. Irudi baten ausentzia bere presentzia bezain indartsua izan daiteke? Eta holan bada, zer egin hutsune horregaz?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu