'Barcelona my love' telesaila grabauko dabe Getxon

Bizkaie! 2025-03-07 09:51   Zinemea

Portu Zaharreko eta Ereagako hainbat tokitan, hilaren 12tik 20ra arte.

Martiaren 12tik 20ra arte, Portu Zaharreko eta Ereagako hainbat tokitan filmaketa zinematografikoak egingo dira. Halanda ze, aparketako erreserbak eta ibilgailuen eta oinezkoen trafikorako noizbehinkako mozketak izango dira inguruan eta Udaltzaingoak kontrolauko ditu. Halanda be, bizilagunek inguruko aparkaleku libre eta kontrolatuak erabilten jarraitu ahal izango dabe.

Ganera, logistikea eta kontrol-lanak errazteko, Portu Zaharreko aparkaleku txikia zarratuta egongo da martiaren 12an, eguaztenean, produkzino etxeko hainbat ibilgailu aparketako. Grabetako aurreikusitako ordutegia 07:00etatik 19:00etara izango da eta produktoreak eta udal zerbitzuek herritarrei ahalik eta eragozpen gitxien sortzeko lan egingo dabe.

Barcelona my love

Portu Zaharrean filmauko diran eszenak Barcelona my love minisailerako dira. Ron Oliverrek zuzendutako komedia erromantikoak kapitulu bi ditu eta Ashley Williams, Alison Sweeney eta Alejandro Tous ditu protagonistak. Hallmark, Estadu Batuetako kable bidezko telebista-kate nagusiak 2025. urtearen erdialdean emitiduko dau minisaila (AEB eta Kanada) eta mundu osoan streaming plataformek banatuko dabe (Netflix, Prime Video...).

Beste errodaje batzuk

Ganera, egunotan, Getxon, beste filmaketa bi egiten dabiz:

  • Los domingos, Alauda Ruiz de Azuaren hirugarren film luzea, Blanca Soroa eta Patricia López Arnaiz protagonista dituana. Halanda ze, aparkalekuak erreserbau dira Aiboa, Ormetxe eta Miramar kaleetan, baita ibilgailuen zirkulazinorako noizbehinkako mozketak be.
  • Inurri itsuak, Ramiro Pinillaren eleberrian oinarritua, Igor Legarretak zuzendua eta Itziar Ituño eta Urko Olazabal protagonista dituana. Irudi batzuk martiaren 18tik aurrera filmauko dira Azkorri inguruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu