Badator X. Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival

Bizkaie! 2025-03-06 12:06   Zinemea

Martiaren 13tik 16ra arte izango da, Getxon eta Bilbon.

Datorren egunean, martiak 13, Muxikebarrik hartuko dau Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festivalaren hamargarren edizinoaren inaugurazino-galea. Diziplina anitzeko ekitaldia nazinoarteko erreferentzia da eta Getxoko Udalaren laguntzinoa dauka. Surfeko zinemarako plataforma parebakoa izateaz gan, argazkiak, erakusketak, artea, networkinga, tailerrak, kontzertuak, jarduera parte-hartzaileak, skatea, lehiaketak eta txapelketak hartzen ditu.

Irantzu Uriarte Ekonomia Sustapeneko zinegotziak adierazo dauen bezela, jaialdia Udalaren estrategiaren barruan dago, Getxo bizitzeko eta lan egiteko leku erakargarria izan deian ekintza profesionalak egiteko estrategiaren barruan. Interes handia dogu enpresen talentua erakarteko eta atxikitzeko, batez be, ekonomia urdinari eta sormen-industriei lotutako industrienak.

Aurton, jaialdiak kalidade handiko bildumea batuko dau. Guztira 62 film proiektatuko dira, horreetako asko luzemetraiak, 25 herrialdetakoak eta 23 ordu baino gehiagoko proiekzinoa izango da. Euskal presentzia esanguratsua da, izan be, 8 film proiektauko dira, bertoko zinemearen aberastasuna eta aniztasuna islatuz. Ganera, emakumeen protagonismoak gora egin dau, izan be, filmen % 25 zuzendu eta % 40 antzeztu dabe.

Topaketean, sinergia industrialak eta ekonomikak sortzen dira, surfea gizartera hurreratuz. Ganera, kulturarako eta kirolerako sarbidea errazten da, emakumeen presentzia eta inklusinoa sustatuz. Horrezaz gan, jasangarritasunari eta ingurumenari buruz be konzienziaduten da, programazinoan ondoko filmekaz nabarmentzen dana: The big sea, Justice brothers, Breaks eta Lagun.

Jaialdiaren inaugurazino-ekitaldia 19:00etan hasiko da Muxikebarrin. Ekitaldian surf, zinema eta kirol munduko konbidaduak izango dira eta hainbat sorpresa egongo dira. 2025eko Hautaketa Ofizialaren lehen saioaren proiekzinoak hasierea emongo deutso ekitaldiari ondoko film honeek emonez:  Kameraqua (Pauloski), Glory and Consequence (Jon Aspuru), One Shot (Nicolas Pina) eta Sensei (Igor Bellido).

Aldez aurretik, goizean, Muxikebarrin ikastetxeentzako saio hezitzaileak izango dira, eta, lehen aldiz, BiscayTIKen, ikus-entzunezkoen eta sormenaren industriaren laugarren jardunaldia egingo da, streaming bidez transmitiduko dana. Gai honeek jorratuko dira: Euskal industria sarea aztergai, Adimen artifiziala eta errealidade birtuala edo Zinema dokumentalaren eta aurrekontu txikiko zinemaren produkzinoa. Jaialdiak Bilboko Itsasmuseumean jarraituko dau martiaren 14, 15 eta 16an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu