Helena Tarbenak jasoko dau Silver Saria
2025-03-05 13:43 ZinemeaSilver Film Festivala martiaren 24tik 28ra arte izango da.

Silver Film Festival (S/FF) zinema eta pensamendu jaialdiak hirugarren edizinoa egingo du martiaren 24tik 28ra, belaunaldien arteko programazinoa ardatz hartuta. Berton, 7 film luze eta 11 film labur ikusi ahal izango dira, baita Ana Ibañez neurozientifikoak emondako hitzaldia be. Zinemaldiak zinema eta kultura lantzen ditu gizartea eraldatzeko tresna bezela.
Inaugurazino-ekitaldia martiaren 24an izango da, Arriaga Antzokian, 18:30etik aurrera. Ekitaldian zehar, Silver Saria emongo jako Helena Taberna zinemagile nafarrari eta My favourite cake filma estreinauko da Euskadin. Horreezaz gan, zuzendari nafarrak Nosotros proiektua be aurkeztuko dau martiaren 27an Golem Alhondiga zinema-aretoetan, ondoren berbaldia eskainiz.
Hirugarren edizinoan, Maryam Moghaddam eta Behtash Sanaeeharen My favourite cake, Julio Medemen 8, Daniel Torneroren Saturno eta Liora Spilk Bialostozkyren Pedro luzemetraien estreinaldiak programauko ditu S/FFk Euskadin, baita Eulàlia Ramonen Agonía film laburra be.
S/FF hirugarren edizinoaren programazino osoa gaur goizean aurkeztu dabe Arriaga Antzokian, Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Ondoizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak; Juan Ibarretxe, Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak; eta, Marian Gerrikabeitia, Zinemaldiko zuzendariak.
Marian Gerrikabeitia, jaialdiko zuzendariak, adierazo dauenez, belaunaldien arteko lanak eragozpen mentalak edo ideologikoak ezabatzen lagun leikee, estereotipo negatiboak geldiarazoten, ezagutzak zabaltzen eta onarpenari laguntzen.
Tú & Yo Produkzinoak, EDE Fundazinoak eta Silver Revolution Alkarte Kulturalak atondutako jaialdiak Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzearen, BBK Fundazinoaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Zineuskadiren babesa dau.
Proiekzinoak & berbaldiak
Sail honetan 5 film labur eta 3 film luze dagoz. Proiekzino bakotxa amaitzean filmaren zuzendariagaz berbaldia izango da.
Laburmetraiak, ondokoak izango dira: Utländsk (Alba Lozano), Dinosaurioak (Koldo Almandoz), Punk beste aldea (Jaione Martinez, Ane Garai eta Maialen Oleaga), Agonía (Eulalia Ramon) eta Azkena (Ines Landeta eta Lorea Lyons).
Film luzeen atalean Julio Medemen 8, Helena Tabernaren Nosotros eta Daniel Torneroren Saturno dagoz.
Proiekzinoak & mahai-inguruak
Mahai-inguruetan proiekzino bi proponiduten ditue: Levan Akinen Crossing filmearen inguruan Carolina Campos, Eduardo Fierro, Victor Carramiñana eta Txema Ezkerra izango dira; eta, Liora Spilk Bialostozkyren Pedro filmearen proiekzinoan, barriz, Almudena Crespo eta Javier Riaño.
Proekzino bereziak
Inaugurazino galean eta S/FF25 ixteko saioan proiekzino berezi bi izango dira. Maryam Moghaddam eta Behtash Sanaeeharen My favourite cake lanak emongo deutso hasierea jaialdiari eta David Lynchen The straight story lanak amaierea.
Film laburren saioak
Atala saio bitan banatuko da: lehenengoan, Cristina Martin eta Maria Jose Martinen La fuerza, Celia de Molinaren Cuarentena eta Ana Arzaren Gallina proiektauko dira; eta, bigarrenean, Clara Santaolayaren Alegría y olé, Susi Casteloren Bedste eta Fer Perezen Hipocampo.
Ana Ibañezen hitzaldia
Ana Ibañez zientzialariak hitzaldia emongo dau neurozientziaren sekretuei buruz, hobeto biziduteko, pensamendu kritikoa lantzeko, motibazinoa areagotzeko eta garunaren funzinonamendua optimizetako. Saioa NIC, Nagusi Intelligence Centeregaz lankidetzean egingo da.
Sarrerak, salgai
Jaialdiaren egoitzak Guggenheim Museoa eta Golem Alhondiga Zinemak izango dira. Ganera, Arriaga Antzokiak inaugurazino-galea hartuko dau.
Guggenheim Museoko eta Golem Alhondiga zinemetako proiekzino eta jardueretarako sarrerak gaurtik aurrera eros daitekez, 2 euroko prezio sinbolikoan. Galarako konbidapenak doban eskuratu ahal izango dira Radio Nervion irratiaren webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!