Oihane Otaegi eta Mikel Unanue curling jokalariek brontzea irabazi dabe

Bizkaie! 2025-03-03 07:50   Kirola

2022an zidarrezko dominea eskuratu eben txapelketa honetan.

World Tourreko Hvidovreko Kopan Basque Teameko donostiarrek lehen postuan amaitu eben txapelketako multzoen fasea, hiru garaipen eta porrot bategaz; C multzoan kokatu zituen, Immonen eta Sipil finlandiarrakaz Thomson britainiarrakaz, Müller eta Ferguson austriarrakaz eta Chang eta Goldbeck etxekoakaz batera.

Lehen norgehiagokan 5-6 galdu eben Austriako bikotearen kontra baina hortik aurrera ez eben saio bat bera be galdu. Chang eta Goldbeck danimarkarrak (6-8), Thomson britainiarrak (7-5) eta Immonen eta Sipilensek Finlandiako bikotea (5-6) gainditu zituen.

Final-laurenetan barriro lehiatu ziran Finlandiako bikoteagaz eta 5-4 menperatu zituen. Finalerdietan, ostera, Danimarkako beste talde baten kontra jokatu eta oraingoan ezin izan eben irabazi. Lander eta Holtermannen aurrean galdu eben 8-1.

Emoitza horren ondorioz, brontzezko partida jokatu behar izan dute gipuzkoarrek. Norgehiagoka oso lehiatua izan da Danimarkako hirugarren bikotearen aurka: Schmidt eta Qvist. Etxekoak aurretik jarri dira partidaren lehen zatian, baina Otaegik eta Unanuek presioa kontrolatu dute markagailuari buelta emateko eta 6-5 gailentzeko.

Denporaldi honetan World Tourraren barruan binaka jokatutako laugarren Kopea da Hvidovrekoa, Praga, Lodz eta Goteborgekoaren ondoren. Gogoratu behar da apirilaren 26tik maiatzaren 3ra Frederictonen (Kanada) jokatuko dan bikote mistoen Munduko txapelketea dala aurten donostiarren helburu nagusia, 2026ko Milan-Cortina d 'Ampezzoko Neguko Jokoetarako sailkapen txapelketea baita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu