Iñaki Irasizabal: 'euskalduna naz eta holan segiduteko asmoa daukat'
2025-03-03 08:00 BarriketanIñaki Irasizabal 1969an jaio zan Durangon eta Zornotzan bizi da gaur egun. Soziologia eta kazetaritza ikasketak egin arren industrian egiten dau lan. 16 liburu idatzi ditu, horreen artean: Mendaroko txokolatea (2005), Igelak benetan hiltzen dira (2011), Odolaren deia (2014), Aramotz (2018) eta Otsoa etorriko da (2023).
Kontuak kontu, oraintsu, Lehertu baino lehen nobelea kaleratu dau: Erik eta Aroa, editorea bata eta erizaina bestea, bikote gaztea, oro har ondo konpontzen dana, baina baditue tensinogune batzuk be. Hartu-emonak onbideratzeko estrategia pentsauko dau Erikek, baina gauzak okertu egingo dira, ustebakoan.
Hortik aurrera, beste norabide bat hartzen dau eleberriak, thrillerraren misterioagaz batera dilema moralek hartzen dabe nagusitasuna: besteaz fidau ala barruan gorde; egia osoa autortu ala zain egon, okerrena pasau arte.
Erosi liburua hemen.
1.- Erik eta Aiora bikote gazte baten inguruan idatzi dozu. Zer adierazo zeinke liburuaren inguruan?
Nire obra gehienen bezela, Lehertu baino lehen nobela baltza eta sozialaren arteko mugan dago. Istoria azkarra da, delituen ingurukoa eta, batez be, gizakien arteko hartu-emonak adierazoten dituana.
2.- Inoiz baino gehiago landu dozu eleberri honetan bikote arteko komunikazinoa eta bizitea...
Bai, hori da gehien esan deustiena nobelearen inguruan. Bikote gazte bat da protagonista eta personaia horreen hartu-emonak dira istorioaren ardatza. Halanda ze, begiradea hor jarrita dago. Beraz, bai, leitekeana da bikote arteko komunikazinoa gehien landu dodan eleberria izatea.
3.- Hamasei obra kaleratu dituzu. Halanda be, hori ez da zure ogibidea, bai ostera pasinoa?
Bai, niretzat, idaztea afizinoa da, izan be, behargina naz Berrizko lantegi batean. Denpora librean idazteko premina hori izaten dot.
4.- Lana inspirazino iturri izaten da?
Ez dakit zergaitik, baina lanean nagoanean gehiago idazten dot. Akorduan daukat, orain urte batzuk, langabezian, gitxiago idazten nebala. Kuriosoa da, baina ez dakit zein dan horren arrazoia.
Posible da, nire burua gehiago behartzea lanean nagoala, esaterako, egunero eszena bat idaztea. Bistan dago, denpora libre larregi izatean, burua libreago dodala [Barreak].
5.- Obra danak euskera hutsez idatzi dituzu. Holan jarraitzeko asmoa daukazu?
Bai. Euskalduna naz eta holan jarraiteko asmoa daukat. Oso gustora sentiduten naz euskeraz idazten.
6.- Txalotzekoa da. Hori bai, merkatua asko murrizten deutsu horrek...
Egia da. Merkatu txikia da gurea, baina niretzat afizinoa baino ez da. Beraz, ez daukat aldatzeko intenzinorik.
7.- 2002an argitaratu zenduan lehenengo obrea, Borrokaren baitan. Ordutik, 16 liburu kaleratu dituzu. Zela ikusten dozu zure ibilbidea? Zertan aldatu dozu gehien?
Ez dot pentsetan gauza handirik aldatu dodanik. Hori bai, beti dago aldaketaren bat, 20 urte baino gehiagoko ibilbidean. Lehenengo lanetan kontau gura nebana hori zan, ganera, istoriak baltzagoak ziran.
Edozein euskaldunek irakurteko eta ulerteko moduko obrak idaztea gura izan dot. Al dan neurrian istoria errazak eta azkarrak, beti be, ondo kontautakoak. Hori egiten saiatu naz Lehertu baino lehen nobela baltzean, beste barik.
8.- Batez be, thriller generoa landu izan dozu. Hori bai, azken aldian beste genero batzuk ikutu dituzu, baina azken obra bitan thrillera bueltau zara. Komoduen lantzen dozun genero dala esango zeunke?
Bai, holan da. Hartu-emonak dagoz formatu guztien artean, izan be, batak bestea elikatuten dau. Beraz, formatu askotan arrakasta handiko generoa da, esaterako: serietan, podcastetan, nobeletan eta zinean. Halanda ze, oso osasuntsu ikusten dot. Bizitasun asko emon deutse generoari, baita Euskal Herri mailan be; La 1n ikusgai dago Jon Arretxe idazlearen Touré detektibea telesaila. Beraz, txarrak ez gara izango edo ez hain txarrak behintzat.
9.- Zure obraz gan, gomendiorik?
Mila, baina ez jat bat bera be okurriduten orain [Barreak]. Bai! Buruan daukadan bat esango deutsut: Xabier Mendiguren idazleak hemendik gitxira atarako dauen nobela laburra hain zuzen be. Nobela baltza, guztiz gomendagarria, indarkeria politikoaren inguruan. Kontzeptu ugari buztartzen ditu eta oso interesgarria da. Hemendik hilebete gitxira kaleratuko da.
10.- Mezu berezirik?
Beste barik, bateren batek nobelea irakurri gurako baleu, istorio laburra da, ondo kontauta eta erraza. Beraz, aukera ona.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!