'Tent City' dokumentalak edegiko dau gaur, hilak 24, Punto de Vista Jaialdia

Bizkaie! 2025-02-24 09:56   Zinemea

Guztira, 60 ikus-entzunezko proiektauko ditue gaurtik martiaren 1era arte.

Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazinoarteko Jaialdia gau hasi, hilak 24, eta martiaren 1era izango da. Jaialdiak 60 film inguru eta 70 saio baino gehiago programau ditu, besteak beste, zinemagileakaz topaketak, kontzertuak, jarduera profesionalak edo familientzako zinema-saioak. Baluarte da egoitza nagusia eta azken edizinoa izango da Manuel Asin zuzendari artistikoaren gidaritzapean.

Jaialdiak haren webgunean eta Baluarteko leihatilan jarri ditu salgai saio guztietarako sarrerak. Ganera, aste osoan zehar leihatila gehigarri bat jarriko da aretoko hallean. Sarreren prezioa 3 eurokoa da saio bakotxeko.
 
Jaialdiak irauten dauen bitartean 70 saio baino gehiago izango dira, proiekzinoen eta lotutako beste jarduera batzuen artean. Programazinoa 6 atal nagusitan egiturauta dago: Sail Ofiziala, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Bitartekotza Programea. 60 film izango ditu guztira.

17 filmek osotuko dabe 13 herrialdetako sail ofiziala: Alemania, Argentina, Belgika, Kanada, Txile, Kolonbia, Hego Korea, Espainia, Frantzia, Irlanda, Libano, Palestina eta Tunisia. Guztiek jaso ahal izango ditue jaialdiko 5 sariak: Punto de Vista Sari Nagusia Film Onenari, Jean Vigo Saria Zuzendaritza Onenari, Film Labur Onenari Saria, Publikoaren Sari Berezia Film Onenari eta Gazteen Saria Film Onenari. Horreezaz gan, nazinoarteko epaimahaiak gehienez aitamen berezi bi emon ahal izango ditu.

Punto de Vistak 400 persona inguru ditu akreditauta. Profesionalei jagokonez, 80 persona joango dira Iruñera haren lanak erakusteko edo dokumentalaren hainbat alderdiri buruz hausnartzeko.

Baluarte, Golem, Oteiza Museoa, Civivox Condestable, Civivox Mendillorri, Ziudadela, Nafarroako Filmoteka eta Txintxarri taberna izango dira Punto de Vistaren egoitzak.

Inaugurazino eta itxierea saioak

Inaugurazino eta itxierea saioak haren garaian oso preziaduak ez ziran eta jaialdiak ikuspegi barri batetik berreskuratu nahi dituan obra bi eskainiko dira: Gaur, hilak 24, Tent City (1980) proiektauko da, Miñuca Villaverde zinemagile kubatarraren dokumental bakarra. Ondoren, berbaldia izango da Fernando Villaverde idazle eta zinemagileagaz eta José Luis Aparicio programatzaileagaz.

Amaierako proiekzinoari jagokonez, Sepio (Frans van de Staak, 1996), jaialdiak hurrengo edizinoan eskainiko dauen fokuari amaierea emongo deutso, Herbehereetako enbajadearen eta Eye Filmmuseumen laguntzinoagaz, zinemagile nederlandereari, haren jatorrizko herrialdetik kanpo egiten dan lehenengoa. Martiaren 1ean izango da, zapatua, Sail Ofizialeko sari-banaketearen ondoren.

Zuzendaritza artistiko barria 2026an

Aurton, Manuel Asinek haren azken edizinoari ekingo deutso Punto de Vistaren zuzendari artistiko bezela, jaialdiak zuzendaritza artistikoetarako ezarritako lau urteko aldiaren konbenzinoari jarraituz. Beraz, 19. edizinoa itxi ondoren, 2026an kargua hartzeko proposamenak egin nahi dituen hautagai guztien lizitazino-prozesua iragarriko da. 19 edizinoetan, Punto de Vistak bost zuzendaritza artistiko izan ditu: Carlos Muguiro (2005 — 2009), Josetxo Cerdán (2010 — 2013), Oskar Alegria (2015 — 2017), Garbiñe Ortega (2018 — 2021) eta Manuel Asín (2022 — 2025).

Konsultau programazino osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu