Vitoria-Gasteiz Araba Film Commission sortu dabe

Bizkaie! 2025-02-18 10:29   Zinemea

Uriburuan eta lurraldean ikus-entzunezko produkzinoak bultzatzeko asmoz.

Ramiro Gonzalez eta Maider Etxebarria. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Vitoria-Gasteiz Araba Film Comission martxan jarteko. Zerbitzu horrek tokiko, estaduko eta nazinoarteko ikus-entzunezko produkzino-etxeen kudeaketak erraztuko ditu.

Santa Maria Katedralean egin dabe hitzarmena sinatzeko ekitaldia. Ondare-balio handiko eraikina da eta hainbat produkzino-etxeren interesa biztu dau berton filmazino lanak egiteko. Ekitaldian, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak eta Ramiro Gonzalez Arabako diputadu nagusiak akordio horren arrazoien barri emon dabe.

Ikus-entzunezkoen sektoreak Araban eta Gasteizen izandako sendotzeak ekarri dau hitzarmena, baita lurraldean bideratutako ikus-entzunezko produkzinoen kopuruaren hazkunde nabarmenak be. Halanda ze, beharrezkoa da lankidetza-mekanismoak martxan jartea, erakunde biek martxan jarritako helburuei erantzun eraginkorragoa emon ahal izateko.

Lehentasunezko helburuak ikus-entzunezko proiektuak filmetako eta horreen garapena errazteko gune bezela Gasteiz eta Araba sustatzea eta bultzatzea dira, baita tokiko zinematografiako sektorea eta ikus-entzunezkoen sektore osoa indartzea be.

Gasteizko alkate Maider Etxebarriak eta taldeak egindako lana nabarmendu nahi izan dau: Udalak 14 urte baino gehiago daroaz ikus-entzunezkoen sektoreagaz batera lanean, Vitoria-Gasteiz Film Office erakundearen bidez. Zerbitzu publikoa eta dobanekoa da, lurraldeko ikus-entzunezkoen produkzinoa sustatzea helburu dauena. Horretarako, ikus-entzunezko produktuak erakarten ditu eta arreta integrala eskaintzen deutse. Era berean, sektore hori bultzatzen dogu hainbat laguntzagaz, ekitaldiak babestuz eta sektoreko eragileakaz hitzarmenak sinatuz. Helburua da sektoreak Araban dauen jarduerea modu esponentzialean handitzea. Jakina, filmaketak eta ikus-entzunezko proiektuak ugaritu nahi doguz, baina gure helburua Araban ikus-entzunezko industria indartsua sortzea da. Egitasmoa Aldundiaren politika ekonomikoaren barruan dago eta gure sektore tradizinonalak indartzea dau helburu, baita etorkizuneko jarduera barriak dibersifikau eta sustatzea be.

Vitoria-Gasteiz Araba Film Commissionek ondoko jarduera honeek bete behar ditu: Gasteizen edo Araban egiten diran filmaketetara joatea eta horreei buruzko informazioa emotea; espazio publikoetan filmetako baimenak izapidetzeko lanak kudeatzea; filmaketa lanak egiteko espazioak bilatzen laguntzea eta tokiko ikus-entzunezko profesionalak hemen filmetako interesa daben produkzinoakaz hartu-emonetan jartea.

Ramiro Gonzalezek azpimarratu dauenez, lan honen barruan, funtsezkoa da Gasteizko Udalagaz lankidetzan jardutea, izan be, Udalak helburu bera dauka. Lankidetza hori dagoeneko martxan dago, proiektuak erakarteko eta horreen garapena errazteko alkarregaz lan eginez.

Sinatutako akordioak lau urteko indarraldia izango dau eta beste bi urtez aurrera egiteko aukerea dago. Horren bidez, Zuzendaritza eta Jarraipen Batzordea sortuko da, hitzarmena sustatu daben erakunde bakotxeko persona bik osotua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu