Ikus-entzunezko sektorearen enplegua % 50,5 hazi da Bizkaian
2025-02-18 09:32 ZinemeaBilbao Bizkaia Film Commission erakundeari esker.

Kontxi Claverrek, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko Zinegotziak, eta Ainara Basurkok, Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko Foru Diputaduak, aurkeztu dabe Bilbao Bizkaia Film Commission erakundearen 2024ko jarduerearen balantzea. Zifrek modu kuantitatiboan eta kualitatiboan finkatzen ditue uria zein lurraldea, ikus-entzunezko industriarako gero eta erakargarriagoa diranak.
Kontxi Claverrek azpimarrau dauenez, hamar urtez lanean ibili ondoren, gero eta lehiakorragoa dan ingurune batean, kalidadezko konpromiso instituzinonala dogu, egonkorra, sendoa eta jasangarria izango dan ikus-entzunezko industria bultzatzen jarraitzeko. Motor ekonomikoa izateaz gan, enplegua sortuz eta enpresak sortzen lagunduz, sustapenerako erakargarria be izango da. Garrantzitsua da guretzat tokiko talentua sustatzea, jagotea eta haren balioa azpimarratzea. Bizi dogun momentu honetan, Bilbao eta Bizkaia tokiko talentuaren erreferente bezela kokatu dira, izan be, estaduan eta nazinoartean autorpena daben talde artistiko eta tekniko profesionalak dagoz gurean.
Bestalde, Ainara Basurkok ondokoa adierazo dau: Bizkaiko ikus-entzunezko sektorean enplegua % 50,5 hazi da hamar urtetan eta enpresa-kopurua % 57,7. Bizkaiak 2024an hartu dituan produkzinoen hazkunde progresiboakaz batera, modu erabagigarrian laguntzen da ikus-entzunezko ekosistemea indartzen. Alde batetik, ikus-entzunezko sektore indartsua sustatzen da, eta, bestetik, tokiko sortzaileei lan eta hazkunde aukerak eskaintzen deutsen industria sendotzen laguntzen da.
Ikus-entzunezko produkzino gehiago
Bilbao Bizkaia Film Commissionek 2024an babestutako jarduerearen balantzeak beste behin berretsi dau ikus-entzunezko produkzinoen hazkunde progresibo eta etenbakoa, baita sektoreko enpresa-kopuruaren eta enpleguaren hazkundean be. Kopuruei jagokenez, azken urte horretan % 11 suspertu dira babestutako produkzinoak (168), % 26 filmatze-egunak (1.294), % 133 film luzeak (28) eta % 57 telesailak (11).
Halanda ze, 168 ikus-entzunezko filmau dira 2024an (aurreko ekitaldian baino 17 gehiago) eta 296 produkzino egin dira (2023an baino 27 gehiago). Balantze horri, ondoko honeek gehitu behar jakoz: 43 iragarki, 7 argazki-saio, 16 film labur, 25 telebista-programa, 28 dokumental, 8 bideoklip eta webserie 2.
Bestalde, 74 udalerrik hartu ditue Bilbao Bizkaia Film Commissionek babestutako ikus-entzunezko produkzinoak, Bilbo erdigune bezela hartuta.
Enpresen sorrerea eta enplegua
Bilbao Bizkaia Film Commissionek hamar urte bete dituanean, 2024ko balantzeak erakusten dau ikus-entzunezkoen industriak jarduera ekonomikoan eta lan-merkatuan dauen eregin positiboa sendotu egin dala. Holan, sektore horri lotutako enpresek errekorra lortu dabe azken ekitaldi honetan, 448 enpresa dagoz-eta lurraldean; horreetatik % 46 Bilbon (205 enpresa). Azken hamar urteetan % 57,7ko hazkundea izan dau.
Enplegua sortzeari jagokonez, batez bestekoaren gainetik hazi da: azken hamarkadan, Bizkaiko afiliazinoen hazkundea % 50,5ekoa izan da sektorean, eta afiliazino osoak, barriz, % 15,4 igon dau. 2024an ikus-entzunezko sektoreak Bizkaian sustatutako 1.941 enpleguetaitik % 75,2 (1.460 afiliazino) Bilbon kontzentratzen da.
Produkzino nabarmenak
Urian eta lurraldean filmautako film luze honeek ikus-entzunezkoen sektorearen hazkundearen adibide dira, kantidadeari eta kalidadeari jagokonez: Sin instrucciones, Soy Nevenka, ¿Es el enemigo?, Cuerpo escombro, Ocho, Los últimos románticos, Karmele, La casa en el árbol, Los aitas, Miss carbón, Campamento garra de oso, Ser permanente, Singular, Subsuelo, Los muértimer, The map that leads you, La regla de Osha, El talento, El casoplón, El mal, Spicy Will, ¿Cómo hemos llegado a esto?, Sin cobertura, Bajo tus pies, Un hijo, La tregua, UAP eta Maspalomas.
Telesaileietan, ondoko honeek nabarmentzen dira: Querer, Cicatriz, Superstar, Romi, In salt water, Power up 1 y 2, Olimpia, Zeru ahoak, Papá soltero 2.0, Wycaro eta Catch you later.
Jardunbide egokien gidaliburua
Bilbao Bizkaia Film Commissionek, Bilboko Udaleko Espazio Publikoaren arloagaz lankidetzan, Filmaketetarako Jardunbide Egokien Eskuliburua egin dau. Horrek, grabazinoen kudeaketa egokirako oinarrizko informazioa batzen dau eta erreferentziazko gida bihurtu da Bilbao Bizkaian lan egiten daben profesionalentzat.
Dokumentu horren bidez, ikus-entzunezko industriari produkzinoak Bilbo Bizkaian eraginkortasunez eta malgutasunez egin ahal izateko zerbitzurik onena eskaintzen jako.
Honeek dira helburu nagusiak: filmazino batean parte hartzen daben personen jokabide arduratsu eta profesionalak sustatzea; eta, produkzino-etxeen eta erakunde publiko eta pribatuen artean hartu-emon positibo eta egonkorrak sortzea.
Zerga-pizgarriak
2023tik Bilbo-Bizkaiak zerga-pizgarria eskaintzen dau, lurraldean ikus-entzunezko produkzinoak sustatzeko. Neurri horren helburua da lurraldeak sektorearentzat dauen erakargarritasuna indartzea, ikus-entzunezkoen eta zinemagintzearen arloko profesionalen eta enpresen lana babestuz. Ganera, arreta berezia jarten dau euskerazko obren sustapenean eta horreen ikusgarritasuna eta proiekzinoa sustatzen dau.
Onura fiskal hori edozein nazionalidadetako produkzinoetarako dago eskuragarri, baita edozein ikus-entzunezkoetarako be. Zega-kenkariaren ehunekoa % 35etik % 60ra bitartekoa da, Bizkaian egindako inbersino-bolumenaren arabera eta % 10 gehiago handitu daiteke euskera hutsean egindako produkzinoetarako.
Bilbao Bizkaia Film Commission
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2014. urtean sortu eben Bilbao Bizkaia Film Commission. Dobako zerbitzu publikoa da eta filmaketak erakarri, kudeatu eta laguntzea ditu helburu. Ganera, Bilbao Bizkaia Film Commissionen laguntza egonkorra eta personalizatua fase guztietan emoten da.
Lankidetza publiko eta pribatuari esker gauzatu daiteke lan hori. Halanda ze, Bilbao Bizkaia Film Commissionek bitartekari lanak egiten ditu produkzino-etxeen eta eragile pribatu zein erakunde publikoen artean. Lankidetzea ezinbestekoa da Bilbon eta Bizkaian grabaketen industrian aurrera egiteko.
Bilbao Bizkaia Film Commission Spain Film Commissionen eta European Film Commission Networken kide da eta 90 film commission baino gehiago ordezkatzen ditu, Europako Batzordearen laguntzinoagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!