'Lainoa Oiz gainean: 610 hegaldiaren tragedia' ikerketa-dokumentala estreinau dabe

Bizkaie! 2025-02-14 09:26   Zinemea

Primeranek Oiz mendiko hegazkin istripua erakutsi dau.

Zezeilean beteko dira 40 urte Euskadiko historian hegazkin-istripu tragikoena jazo zanetik. 1985eko zezeilaren 19an, inauterietako martitzen batean, Madril eta Bilbo arteko 610 hegaldi erregularra egiten egoan Boeing 727 hegazkinak (Alhambra de Granada izenagaz ezagutzen zan Iberiaren abioiak) Oiz mendian ETBren antenea jo eban, Sondikako aireportura hurreratzeko maniobretan.

Istripuak hankaz gora jarri eban gizartea. Poliziak, Ertzaintzeak (sortu barria orduan) eta suhiltzaileek ez eben jakin zelan jokatu. Jausi zan lekura heltzea gatxa zan eta froga guztiak bere horretan gorde nahi zituan Poliziak. Desinformazinoa erabatekoa zan. Egunkari eta albistegi batzuek ETAren atentadua izan zala inoen eta beste batzuek, antenea legez kanpo jarrita egoala. Gainera, jente asko hasi zan Oiz mendira igoten, objektu baliotsuen bila: dirua, eraztunak, erlojuak...

Hori guztia aztertzen dau thriller estiloko ikerketa-dokumental honek, alkarrizketakaz, garai haretako irudi eta audioen bitartez eta animazinoa erabilita.

Estreinaldia zezeilaren 13an izan da, EITBren Primeran dobako streaming plataforman. Bertan ikusgai dago Lainoa Oiz gainean: 610 hegaldiaren tragedia euskerazko lana.

Euskal Telebistara, barriz, zezeilaren 18an helduko da, tragediaren urteurrenaren bezperan.

ETB2ko La Noche De... programeak saio berezia eskainiko dau, Lainoa Oiz gainean: 610 hegaldiaren tragedia dokumentalaren estreinaldia eskainiko baitau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu