Durangoko Arte eta Historia Museoak 'Formatik Haratago' erakusketea hartuko dau
2025-02-13 08:39 KultureaGanera, poesia errezitaldia eskainiko dabe Joseba Sarrionandiak eta Peru Madalenak.
![](https://media.bzkcdn.com/argazkiak/Da/cache/IMG_0218_content.jpg)
Durangoko Arte eta Historia Museoak Mikel Lertxundi: Formatik Haratago erakusketea hartuko dau zezeilaren 14tik martiaren 30era. Erakusketeak artista bizkaitarraren 30 lan batzen ditu, 1990eko hamarkadearen erdialdetik gaur arte egindakoak. Eskulturen eta pintura-konposizinoen bidez, espazioaren eta materiaren arteko hartu-emonak aztertzen ditu, haren ibilbidean oinarrizko elementuak.
Natureari lotutako artistea
Mikel Lertxundi (Berriatua, 1951) natureagaz loturea dauen sortzailea da. Harria, zura eta burdina lako materialen konbinazinoan oinarritzen da lana; ura, airea eta sua lako elementuak buztartuz. Haren ibilaldietan topetan dituan paisajeetan inspirauta, lanak ingurunearen memoria eta materialen aztarnak oinarri hartuta, espazioakaz daben interakzinoa aztertuz.
Errekonozimentua eta nazinoarteko presentzia
Bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, Lertxundik nazinoarteko azoka garrantzitsuetan egin ditu erakusketak, besteak beste, Arcon (Madril), Fian (Caracas), Art Miamin (Miami), Nicafen (Tokio) eta Kiafen (Seul). Espainiako, Frantziako, Alemaniako, Holandako eta Estadu Batuetako galeria eta museoetako bakarkako eta taldeko erakusketetan be parte hartu dau. Ganera, obra ugari espazio publikoetan ikusi daitekez, esaterako, Zuhartzolako parkean eta Durangoko Kurutziaga lorategian.
Durangoko Arte eta Historia Museoa sorkuntzarako eta pensamendu artistikorako erreferentziako gunea da. Ohore handia da guretzat Mikel Lertxundiren lana hartzea, izan be, haren obretan natureagazko sentiberatasuna eta errespetua islatzen ditu. Eskulturek formatik harago begiratzeko konbidetan deuskue, materialen esentziagaz konektauta. Uste dogu aukera parebakoa dala haren uniberso artistikoa eta artearen ikuspegia ezagutzeko, adierazo dau Paule Sanchezek, Durangoko Udaleko Kultura zinegotzi eta Astarloa Kulturgintzako arduradunak.
Jarduera osagarriak
Erakusketearen programazinoaren barruan, poesia errezitaldia eskainiko dabe Joseba Sarrionandiak eta Peru Madalenak. Ekitaldiaren data eta ordua laster jakinarazoko dira.
Erakusketea aberastu nahi izan dogu Lertxundiren uniberso sortzailean inspirautako errezitaldi poetiko eta musikal bategaz. Holako jarduera osogarriek aukerea emoten deuskue hainbat diziplinen arteko alkarrizketa-modu barriak sortzeko eta artea persona gehiagorengana hurreratzeko. Herritar guztiak konbidetan ditugu erakusketaz disfrutau eta gure sortzaile garaikide handienetako baten obrea ezagutu deien, gaineratu dau Sanchezek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!