FANTek Nacho Vigalondoren Daniela Forever aurrestreinau dau
2025-02-13 08:16 ZinemeaFilma zezeilaren 21ean estreinauko da zinema-aretoetan.

Bilboko Udalak atontzen dauen Jaialdiaren 31. edizinoa maiatzaren 2tik 10era egingo da baina aurretik, Zinemaldiak PreFANT zikloa programetan dau urtero, etorteko dagoan programazino osoaren zertzelada bat eskaintzeko. Hain zuzen be, arlo horretan aurrestreinau da Nacho Vigalondok zuzendutako Daniela Forever filma.
Filmaren aurkezpenean izan dira Amaia Domingo FANTeko zuzendaria eta Nacho Vigalondo filmaren zuzendaria. Arratsaldean, 19:30ean proiektau dabe Golem Alhondiga zinema-aretoetan. Sitges – Kataluniako Fantastic Nazinoarteko Zinemaldian Europan estreinau eta Toronto International Film Festivalen mundu mailan saritu eben zinegile kantabriarraren azken lanak Nicolasen istorioa kontetan dau. Daniela neska-laguna galdu eta haren biziteak esangura barik geratzen da. Egun batean, amesak kontroletako aukerea emongo deutson saio kliniko batean parte hartzeko konbidetan dabe. Orain Nicolasek Danielagaz ames egin leike gauero eta hartu-emonei ekin, egoera idilikoan. Amesetan bada be. Eta bertan betiko galtzeko arriskuan.
Nacho Vigalondok 2007an zuzendu eban bere lehen film luzea, Cronocrímenes; Goya sarietan Zuzendaritza Barri Onenaren sarirako izentau eta Oscarretarako izentapena be jaso eban, besteak beste, 2004an, 7:35 de la mañana film laburragaz. Azken urteetan beste lan batzuk idatzi eta zuzendu ditu, besteak beste, Extraterrestre (2011), Open Windows (2014) eta Colossal (2016). Horreekaz nazinoarteko hainbat sari irabazi zituan, berbarako, Fantastic Festeko Film Onena. Era berean, Nuestra bandera significa muerte telesail estadubatuarraren hainbat pasarte zuzendu ditu, baita beste lan batzuk be, Justo antes de Cristo (2019), El vecino (2019), Pooka (Into de dark) (2020) eta El otro lado (20023).
Daniela Forever
- Antzezleak: Henry Golding, Beatrice Grannò, Aura Garrido, Rubén Ochandiano eta Nathalie Poza.
- Gidoia eta zuzendaritzea: Nacho Vigalondo.
- Gaia: drama erromantiko eta fantastikoa.
- Hizkuntzea: inglesa.
- Urtea: 2024.
- Iraupena: 119 minutu.
Euskerazko film laburrak produziduteko laguntzea
Fantasiako filmak erakusteaz gan, FANT zinemaldiak ikus-entzunezko sorkuntzeari laguntzea dau helburu, Bilboko 2023 – 2033 Kultura Plan Estrategikoaren barruan Uribilduaren kultur sorkuntzea bultzatzeko dagoan arlo estrategikoari jarraituz. Esangura horretan, FANT zinemaldiak euskerazko fantasiako film labur bat produziduteko proiektuak aurkezteko deialdia edegi eban urtarrilean eta martiaren 28an amaituko da epea.
Sari hau 5.000 eurokoa da eta irabazleei film labur bat egiteko aukerea emoten deutse. Parte-hartzaile bakotxak gehienez proiektu bi aurkeztu ahal izango ditu, asko jota gehienez 20 minutukoak.
Lanak www.bilbaofant.eus webgunearen bidez bialdu behar dira.
Bestalde, Fant Bilbao 2025 Sail Ofizialean erakutsiko diran filmak aurkezteko epea amaituta, Zinemaldiak 833 proiektu jaso ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!