Malagako Jaialdiak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak bat egin dabe

Bizkaie! 2025-02-12 13:24   Zinemea

Jose Luis Borauren Furtivos maisulanaren 50. urteurrena ospatzeko.



1975eko irailaren 8an Madrilgo Amaya zinema-aretoan Furtivos estreinau eben, gaur egun José Luis Borauren maisulantzat hartutako filma, zinema espainiarraren klasiko bihurtzea eragotzi ez eben gorabehera batzuk igaro ondoren. Orain, 50 urte aurrerago, Malagako zinema-jaialdiak, Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak bat egin dabe filmari bere urteurrenean omenaldia egiteko. Malagako 28. zinema-jaialdiko (martiaren 14tik 23ra) Urrezko Filma izango da Furtivos, Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizinoko Klasikoak saila inaugureteaz gan. Video Mercury Films / FlixOlek zaharbarritutako kopia bategaz osotuko da, Málagako zinema-jaialdiak, Espainiako Filmategiak eta Dama erakundeak Caimán Cuadernos de Cine aldizkariagaz eta Donostia Zinemaldiagaz lankidetzan argitaratutako liburu bategaz.

Furtivos José Luis Borauk zuzendu eta idatzi eban Manuel Gutiérrez Aragónegaz lankidetzan eta Ovidi Montllor, Lola Gaos eta Alicia Sánchez ditu protagonista. Angel isileko kazeruaren istorioa kontetan dau. Basoan bizi da Angel bere ama Martinagaz, izakera tiraniko eta oldarkorreko emakumea berau. Urira egindako bidaia bakanetako batean, Milagros ezagutuko dau, erreformatorio batetik iges egin dauen emakume gazte bat, gaizkile ezagun baten maitalea. Angelek babesten eta etxera eroango dau Milagros. Martinak gorrotatu egiten dau Milagros, baina Angel erakarri egiten dau gazteak, eta horrek, personaien arteko hartu-emonen itxura klaustrofobikoagaz batera, drama bat sortuko dau.

Agintari frankistek hainbeste baldintzatu eben Furtivosen erakusketea eta Cannesko eta Berlingo zinema-jaialdiek ez eben onartu. Harrera hobea izan eban Donostian,izan be, film onenaren Urrezko Maskorra eta espainolezko film luze onenaren Kantauriko Perla Saria jaso zituan. Idazle Zinematografikoen Zirkuluaren sarietan, Zidarrezko Fotogramas saria eta Cartagena de Indiaseko Nazinoarteko Zinemaldian be irabazi zituan sariak.

Malagan eta Donostian proiektauko dan 4K-ko filmaren kopia barri hau Video Mercury Films banatzaileak egin dau, FlixOlé plataformeagaz alkarlanean. Zaharbarritze prozesurako, jatorrizko negatiboa erabili da, 35mmtan, eta Manuel Gutiérrez Aragón zinegile eta filmaren gidoigileak gainbegiratu dau.

Carlos F. Herederoren Furtivos. 50 años liburua

Lehen aldiz, proiektu berezi horren historia modu frogagarrian dokumentetako kronologia, zifrak, papelak, gidoiaren idazketea, ptodukzino-plana, diruak, kontratuak, kokalekuak, filmaketan izandako gorabeherak, zentsurearen aktak, jaialdiakaz izandako lkarrizketak, banaketea, leihatila, nazinoarteko zirkulazinoa, eztabaidak, mehatxuak eta bestelakoak balorau ditue.

Erradiografiak ikuspegi bereziak eskaintzen ditu filma sortuko dan testuinguru sozial, politiko eta kulturalean kokatzeko, diktadura frankistearen agonia kriminalaren eta demokraziarako transizinoa prestetan dabizen burruken artean.

Era berean, filmeko irudien analisiak –Buñuelen eta Goyaren oinordekoak, Gutiérrez Solanaren Gaztela basatiaren eta Celaren tremendismoaren jaraunsleak– dituan diskursoaren eta formen izakera konplexua ulertzea ahalbidetzen dau. Boraugaz filmari buruz egindako eta orain arte zorrotz argitaratu bakoa izan dan alkarrizketa bat be agiri da ikerketea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu