I. Bilbo BEAT jarri dau martxan SGAE Fundazinoak
2025-01-31 08:09 MusikeaEspinelis eta Víctor Rutty bandakaz zuzenean, La Basu zuzendari.
SGAE Fundazinoa, SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluaren bitartez, I. Bilbo BEAT aurkeztu dau, uri-musikeari eskainitako jardunaldia, diziplina artistiko honetan sortzen dabizen taldeen talentua nabarmentzea helburu dauena. Emakume artistakanako ahalduntze-ikuspegiari eutsiz, programazio arlo hau ikusgarritasun eta aintzatespen-gune bihurtu nahi da uri-musikagintzan arrastoa ixten dabizenentzat. Gure inguru zehatzean, erreferenteak diran Espinelis eta Víctor Rutty protagonistak izango ditugu, La Basuren zuzendaritza artistikoagaz (2025eko zezeilaren 20an, 19:30ean, sartzea doban Campos Eliseos Antzokiko Kupula Aretoko aretoa bete arte - Bertendona kalea 3 bis, 6. pisua).
Erabateko apustu honen helburu nagusia askotan bere artea erakusteko beharrezko plataformarik ez daben taldeei balioa emotea da. Musika estilo hau, hazten dabago be, ikusgarritasun-erronkak ditu oraindino gure Fundazinoan. Ekimen honen bidez, bere errepertorioa zabaltzen lagundu eta talentu horreen kalidade artistikoa nabarmendu nahi dogu, Campos Eliseos Antzokia lako genero honetan ohikoak ez diran eszenatokietara eroanez. Musikearen industria honetan ingurune inklusiboagoa eta bidezkoagoa sustatzea da asmoa.
Kontuak kontu, Espinelis bikoteak edegiko dau saioa, Herbass eta Marta bermeoarrak, hain zuzen be. Hamar urteren ondoren, proiektu bereziagaz datoz, DJ Leagaz batera. Hiru emakume indartsu eta ahaldundu dira. Mezu argiak transmitidu eta ondo pasetako prest dagoz, giro atsegina sortzeko prest. Helburua dana hankaz gora jartea da. Berbak, euskeraz zein gaztelaniaz, feministak, arrazakeriaren kontrakoak eta antifaxistak dira. Mundu honetan eta gizartean dagozan egoera bidebakoen kontra dagoz. Jorratzen dituen estiloen artean, dancehall, reggae eta techno entzun geionkez. Informazino gehiago hemen.
Talde nagusi legez, Víctor Rutty, Rober del Pyro & DJ Kaef izango dira. Estudioko beren laugarren albuma, Malezza izenekoa, argitaratu barri dabe, Rober del Pyrok berak grabau, nahastau eta masterizauta. Abestietan ohikoak diran David Ruiz (La M.O.D.A), Marina Sioque, OG Gara edo Fernando Costa igarri geinkez. Hip Hopen eszenan, ibilbide luzea daroe, izan be, 2015ean ekin eutsen. Alkarregaz eszenatoki ugari zapaldu ditue ordutik, Espainiako Estaduaren barruan zein kanpoan, Europan eta Latinoamerikan. Gaur, inoiz baino gehiago, Burgosetik mundura, Bai-bai-bai-bai-bai! esaten deutse uri-musikeari. Informazino gehiago hemen.
Zuzendari artistiko bezela Elena Caballero dogu, La Basu, gure inguruko raparen aitzindaria eta erreferentea. 90eko hamarkadaren amaieran Jungla Urbana emakumez osotutako taldea bultzatu ebanetik hamarkadak igaro dira etenik bako ibilbide musikala jorratuz. Haren lehen album profesionala 2015ean heldu zan arte Aire es Vida lelopean. Ondoren, Izotz Erregina EPa (2016) etorri zan eta, horregaz, euskera hutseko rap disko bat argitaratu eban munduko lehen emakumea izan zan. Ordutik Ni naiz izotz erregina (2017) diskoa; eta Gerra (2019) diskoak kaleratu ditu; baita Lurralde Komanxe (2023) izenekoa be, estilo ugari buztartuz, Fermin Muguruza, Arianna Puello (Dominikar Errepublika), Dinamiin (Palestina), Naturaleza Suprema (Kolonbia) edo Masta Quba (Mexiko) lako artisten laguntzinoari esker argitaratu dauen sorkuntzea. Fermin Muguruza beragaz honen 40. urteurren-biran ibiliko da, bide batez, datorren apirilean, Londresen.
Bilboko V. VillaSound ekimenagaz hartu-emonak
Aurtengo barrikuntzetako bat Bilboko V. VillaSound 2025 jaialdiagaz hasitako lankidetzea da. Uriko talde eta bakarlari gazteak ezagutzera emoteko eta egungo panorama musikala uri berera hurreratzeko egitamu musikala dogu. Era guztietako genero eta diziplina garaikideak batzen ditu. Berez, epaimahai profesional batek aukeratutako 12 taldek parte hartzen daben alde artistiko bat dauka (4 kontzertutarako Bilborocken martia eta apirila bitartean) eta, bestalde, formakuntza saioak be eskaintzen ditu. Parte-hartzaileen artean, talde batek Bilbo BEAT 2026 ekimenaren bigarren edizioan kantetako aukerea izango dau eta, gainera, Euskadiko SGAE Fundazinoak jaubetza intelektualagaz eta egile-eskubideakaz lotutako aurtengo mentoring saioetan parte hartuko dau.
Nahi daben eta oinarriak beteten dituen taldeek VillaSound 2025erako izena emon leikie zezeilaren 13ra arte hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!