Eibarko Klub Deportiboaren 100. urtemuga eguenean amaituko da

Bizkaie! 2025-01-29 08:42   Kirola

Urkotik Eibar argiztatuko dabe. Parte hartzeko emon izena hemen.

1924ko urtarrilaren 30ean sortu zan Eibarko Klub Deportiboa, lau kirol nagusi zituala:  atletismoa, mendia, pelota eta txirrindularitzea. Urteak pasatu ahala, kirola eta kulturea buztartzen hasi ziran, eta, holan, gaur egun, alkartearen helburua Eibarko kulturea eta kirola sustatzea da. 2.700 bazkide inguru ditu eta ondoko honeek dira alkartea osotzen daben batzordeak: mendia, Kezka Jantza Taldea, argazkilaritzea, xakea, atletismoa, squasha, eskia, artxiboa, pelota, urpeko ekintzak, kulturea, espeleologia eta txirrindularitzea.

Klub baten 100 urteko historia jasotea ez da lan gaurdiko ahuntzearen eztula. Halanda ze, zuzendaritza-taldeak proiektu handi bat jarri eban martxan: 100 urteko artxibo digitala sortzea. Klubearen artxiboa batzeko eta digitalizatzeko Eibarko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzinoa izan dabe. Ikusi hemen.

Kontuak kontu, ekintzaz betetako urtea izan da 2024a: urteurrena Urko tontorrerako bidea argiztatuz hasi eben, herritarrek alkarteari deutsen begirunearen adibide; kirola kalera ateratzeko ekimenaren barruan, Atletismoa Kalean edo Abentura Parkea atondu eben;  1924-2024: Mende bat esku artean  liburua kaleratu dabe; eta gabonilean Eibarko Udalak emoten dauen Txopitea eta Bakea saria jaso eban klubeak.

100 urte horreen ospakizuna eguenean amaituko da. Asmoa, Urkotik Eibar argiztatzea da. 400 lagun behar ditue klubearen logoa sortu eta argitzeko. Izena emon daiteke hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu