Arkaitz Sagasti 'Kimo': 'hiru zororen iniziatibea da Nuen Maite Irratia'
2025-02-03 08:15 BarriketanNuen Maite irratia jaio da Deustun. Auzotik eta auzoarentzat eregitako espazio barria da, Deustuko Gazte Lokalean emitiduko dana.
Lan-taldekoak, buru-belarri ibili dira irratia aurrera eroateko nahian. Halanda ze, Gazte Lokaleko Txoridenda espazioa berreskuratu dabe, egokitu eta podcastak grabetako estudioa eregiz.
Irratia aurkezteko, zezeilaren 8an aurkezpen jaialdia atondu dabe, egun osoko progamazinoa iragarriz: marianitadea, binilo txapelketea, herri bazkaria, kontzertuak... Horreek guztiak erabiliz, Nuen Maite irratiaren lehen programea grabauko dabe, jente-aurrean, auzoko eta gaztetxeko kideakaz batera. Ganera, egunari amaierea emoteko kontzertuak atondu ditue: Katu, Benizze eta Kimosoundz (DJ saioa).
1.- Zein da irratia sortzearen arrazoia?
Hiru zororen iniziatibea da Nuen Maite irratia, lehenagotik be egitasmo askotan ibilitakoak, esaterako, Deustuko Gazte Lokalean edo Irola Irratian.
Igaz Deustuko Gazte Lokalean Samalda astea atondu eben kideek. Berton, Irola Irratiko kaleko ekipoakaz zuzeneko irratsaioa egin genduan. Jenteak gogo onez jaso ebanez eta espazio harek eskaintzen daben aukerak ikusita, irrati estudioa muntetan hasi ginan eta horretan ibili gara ikasturtearen hasieratik.
2.- Zeintzuk dira asmoak? Zelako programak aireratzeko asmoa dozue?
Irratiaren etorkizuna oraindino zehaztu barik dago, izan be, gauzak astiro lantzen hastea erabagi genduan. Momentuz, eregitako espazioa jenteari zabaltzea da gure hurrengo erronkea, zezeilaren 8an atondu dogun jaialdiaren bitartez.
Horrezaz gan, gaztetxeko eta auzoko kideak proiektura erakarri gura doguz, danon artean erabagiteko Nuen Maite zer izango dan, zer helburu izango dituan eta zelan atonduko garen.
Orain, Gazte Lokalean atontzen diran ekimenei gure ekarpena egitea da asmoa, deialdiak ezagutarazo eta bertatik pasetan diran artista eta eragileei alkarrizketak eginez. Aurrerago helduko dira bestelako irratsaioak, musika saioak, auzoko anekdotak edo monografikoak.
3.- Zeintzuk osotzen dozue lan-taldea?
Egia esan, nahiago dogu ez personalizatea egitasmoa. Esan bezela, lagun arteko iniziatibea izan da, Deustuko Gazte Lokalaren barruan egiten dana hain zuzen be.
4.- Nuen Maite dauka izena irratiak. Nondik dator? Berba-jokoa?
Momentuz irratia izan barik, podkastak jente-aurrean grabetako espazioa da martxan jarri doguna. Izenean Mikel Laboari egiten deutsagu erreferentzia.
5.- Nortasuna eta Bizkaiako euskalkia edo berbakerea erabiliko dozue emisinoetan?
Irratiaren helburu eta jarduteko moduak ez doguz zarratu, tartean hizkuntzearen aukeraketea. Jentea hurreratu ahala, horreek danak zehazten joango gara.
6.- Irratiaren egoitzea edo lokala atontzen bazabize? Aitatu dozuenez, Deustuko Gaztetxean izango zarie...
Bai, ia-ia dana dago prest!
Deustuko Gazte Lokalak, taberna eta aretoaz gan badauka beste gune bat, Txorindenda izenekoa, antxinako kiosko eta goxoki dendea izan zana. Berton egoan baita txoridendea be.
Azken hilabeteotan buru-belarri ibili gara, gelea garbitu, pintau eta estudioa atontzen. Grabazinoak eta muntaketak egiteko behar dana jarri dogu dagoeneko: mahaia, ordenagailua, mikrofonoak, nahaste-mahaia...
7.- Bestalde, zein formatutan entzun geinke irratia?
Esan bezela, momentuz podkastak grabetako espazioa da, irratia izan beharrean. Orduan, oraingoz ez daukogu FMtik emitiduteko asmorik, baina saioak internetan bitartez edegiko doguz grabau ahala. Dana dala, programak jente-aurrean egiteko aukerea emoten dau espazioak. Gure gomendioa ondokoa da: irratsaioak entzun gura badozuez, erdu zuzenean horreek ikustera!
8.- Zezeilaren 9an sekulakoa atondu dozue Deustuko Gazte Lokalean, izan be, aurkezpen jaialdia izango da. Zelan atondu dozue eguna? Zer izango dogu?
Goizean hasi eta gauera arteko egitaraua atondu dogu egun horretarako. Marianitadea eta binilo pintxada bategaz hasiko gara goizean, Mortan Kombat eta Ixxila DJ lagunen eskutik. Ganera, estudioa bisitau ahal izango da bien bitartean. Horren ostean bazkari umila egingo dogu berton eta bazkalostean auzoko eta gaztetxeko kideakaz batera irratsaio bat.
Gauean, Benizze eta Katu taldeek kontzertuak kontzertuak eskainiko ditue gaztetxean. Eguna jantzan amaitzeko, KimoSoundzek dj saioa eskainiko deusku.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!