Badator 8. Zinema eta Zientzia zikloa
2025-01-08 12:50 ZinemeaThe Bride of Frankenstein da aurtongo karteleko protagonistea.
Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizinoak denporearen kontzeptuan sakontzea proponiduten dau. Helburu horregaz, hamabi film proiektauko dira, urtarriletik martira bitartean, Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohitzunen (Le Sélect zinemea). Horrezaz gan, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak atondutako proposamenean, publikoak aukerea izango dau nazinoarteko ospea daben hogei bat zientzialarigaz eztabaidatzeko, hainbat gairi buruz: zulo baltzak, denporan zeharreko bidaiak, multibersoa edo bizitea modu artifizialean sortzea.
Donostian egindako prentsaurrekoan, ondoko ordezkariek hartu dabe parte: Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendaria; Ricardo Díez Muiño, DIPCko zuzendaria; Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia; Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Unibersidade eta Ikerketako sailburuordea; eta Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea. Ganera, ekitaldian izan dira Pedro Miguel Etxenike, DIPCko presidentea; Miguel Zugaza, Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria; Jose Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendaria; eta Beatriz Herráez, Artium Museoko zuzendaria.
Zikloak, lehenbiziko edizinotik, kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmitidutea hartu eban helburutzat. Holan definidu dau Joxean Fernandezek: Artearen eta jakintzearen ospakizuna da; filmei kalidadea eskatzen deutsegu, beti bezela, baina baita, kasu honetan, begirada zientifiko estimulatzailea bizteko gai izatea be. Hori lortzeko, aparteko zinemagile eta zientzialari ugari doguz.
Bestalde, Díez Muiñok gogora ekarri dau, zikloak publikoaren artean dauen arrakastea, izan be, 5.600 ikusle baino gehiago izan ziran 2024. urtean. Zinemearen eta zientziaren arteko buztarketeak aukerea emon dau, alde batetik, zientzia kulturearen parte izateko eta, bestetik, zinema-sorkuntzei begirada ezbardin eta originala emoteko, horreen esanahia aberastuz.
Filmak
Zikloa bihar hasiko da (urtarrilak 9, eguena), Artium Museoan, The Theory of Everything filmagaz (James Marsh, 2014). Film horretan, ibilaldia egiten da Stephen W. Hawking fisikari, astrofisikari, kosmologo eta dibulgatzailearen bizitean zehar. Aurkezlea, Donostian (10) eta Bilbon (11), Pedro Miguel Etxenike izango da, Asturiasko Printzearen sariduna eta DIPCko presidentea. Gasteizen (9) eta Iruñean (14), aurkezlea Arantzazu García Lekue izango da, DIPCko Ikerbasque ikertzailea eta Programa Estrategikoen zuzendaria.
Klasikoen artean ondoko honeek nabarmentzen dira aurton: The Time Machine (George Pal, 1960), H.G. Wellsen elebarrian oinarritua; saio bikotx batean, Frankenstein eta The Bride of Frankenstein (James Whale, 1931, 1935), zientzialari batek gorputz bizibako batzuei bizia emoteko dauen erronkearen harian; eta The Thing (John Carpenter, 1982), bildurrezko klasiko modernoa, zientzialari batzuek eta izaki estralurtar batek Antartikan daben burrukearen inguruan.
Film barriagoak be programauko dira, esaterako: High Life (Claire Denis, 2018); Everything Everywhere all at once (Daniel Kwan eta Daniel Scheinert, 2022); eta Le Théorème de Marguerite (Anna Novion, 2023).
Hainbesteko zabalkunderik izan ez daben lan batzuk be proponiduten ditu Euskadiko Filmategiak: Kampen om tungvannet (Jean Dréville, Titus Vibe-Müller, 1948); Djúpiò (Baltasar Kormákur, 2012); eta Vincere (Marco Bellocchio, 2009).
Horreezaz gan, Zinema eta Zientzia sailean, Erin Brockovich (Steven Soderbergh, 2000) eta La Maladie de Sachs (Michel Deville, 1999) filmak emongo ditue.
Programa osoa Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean proiektauko da eta Donibane Lohitzunen, barriz, honeek: Vincere, Une merveilleuse histoire du temps, Le Théorème de Marguerite, Gravity eta La Bataille de l’eau Lourde.
Filmen aurkezleak ondoko honeek izango dira: Pedro Miguel Etxenike (UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradun emeritua eta DIPCko eta CFMko presidentea); Arantzazu García Lekue (fisikaria, Ikerbasque Professor irakaslea eta DIPCko Programa Estrategikoen zuzendaria); Maria Navarro Gastiasoro (fisikaria, DIPCko ikertzailea material kuantikoetako supereroaletasun exotikoan eta korrelazinoan); Antonio Rivera (Historia Garaikideko katedraduna UPV/EHUko Letren Fakultadean); Julián Casanova (Historia Garaikideko katedraduna Zaragozako Unibersidadean eta irakasle bisitaria Vienako Central European Universityn); Juan Ignacio Pérez Iglesias (Biologian doktorea eta Fisiologiako katedraduna UPV/EHUn, gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Unibersidade, Zientzia eta Barrikuntzako sailburua); Antonio Casado da Rocha (ikertzaile iraunkorra UPV/EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia sailean); Iraia Muñoa (bioteknologoa, UPV/EHUko Ugalkortasun Taldeko ikertzailea); Anna Rubio (Ozeanografia Fisikoko doktorea, AZTIko Ozeanografia Operazionaleko taldearen koordinatzailea eta ikertzaile nagusia); Ainhize Barrainkua (Fisikan eta Injinerutza Elektronikoan graduatua UPV/EHUn); Daniela Moreno (doktoretzako ikaslea Basque Center for Applied Mathematicsen –BCAM– eta UPV/EHUko CFD-MS taldean); Fernando Cossío (UPV/EHUko Kimika Organikoa saileko katedraduna eta Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa); Ana Galarraga (Albaitaritzean eta Elikagaien Zientzia eta Teknologian lizentziatua, Elhuyar aldizkariaren zuzendaria); Rafael Rotaeche (Gipuzkoako Lehen Mailako Arretako Ikerketa Unidadearen eta ESIen arduraduna); Miren Cajaraville (Zelulen Biologiako katedraduna, Ingurumen Toxikologian aditua); Xabier Lopez (kimikaria, UPV/EHUko katedraduna eta DIPCko kidea); Mikel Pagadi (telebistako gidoigilea eta aurkezlea); Daniel Sánchez Portal (CSIC-UPV/EHUko Materialen Fisikako Zentroko fisikaria eta DIPCko kidea); Silvina Cerveny (Materialen Fisikako Zentroko CFM CSIC-UPV/EHUko ikertzailea eta DIPCko kidea); Idoia García de Gurtubay (UPV/EHUko Materia Kondensatuaren Fisikako doktorea eta DIPCko kidea); Javier Aizpurua (fisikaria, Basque Quantum-eko zuzendari zientifikoa eta DIPCko Ikerbasque ikertzailea); eta Didier Roux (fisikari eta kimikaria eta Château Observatoire Abbadiako kidea).
Beste zenbait jarduera
Julian Casanova historialariak, Donostian eta Bilbon Vincere (Marco Bellocchio, 2009) aurkezteaz gan, Faxismoaren hazia izeneko dobako hitzaldia emongo dau Donostian. Urtarrilaren 24an izango da (barikua), 18:00etan, Tabakalerako Z aretoan, filma proiektau aurretik (ekitaldi bat eta bestea ez dagoz ezinbestean lotuak).
Martiaren 11an, Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan, El misterio de los cristales gigantes emongo da (Javier Trueba, Juan Manuel García-Ruiz, 2010), lurrearen sakonean igeltsuzko kristal erraldoiak zela eratzen diran adierazoten dauen dokumentala. Aurkezleak Juan Manuel García-Ruiz kristalografian aditua eta DIPCko Ikerbasque irakaslea eta CSICeko ad honorem ikerketa-irakaslea eta Javier Trueba, dokumentalaren zuzendaria, izango dira.
Ikastetxeei zuzendutako emonaldiak be izango dira, goizetan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Gravity proiektauko da (Alfonso Cuarón, 2013), euskeraz eta gaztelaniaz azpititulauta. Aurkezleak DIPCko Kosmos alorreko ikertzaileak izango dira: Leire Larizgoitia, Francesc Monrabal, Lurdes Ondaro eta Sara Ortega.
Sarrerak online erosi ahalko dira, baita leihatiletan be: Tabakaleran, Artium Museoan, Arte Ederren Bilboko Museoan (saioak Bizkaia Aretoan izango dira) eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinema-aretoetan. Txartelek 3,50 eta 6 euro bitartean balioko dabe. Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!