Basque Team Fundazinoak Gabonetako Galea egin dau

Bizkaie! 2024-12-26 09:35   Kirola

Pariseko Jokoen errepasoa egiteko eta ziklo olinpiko barriari hasierea emoteko.

Basque Team Fundazinoak Gabonetako Gala egin dau EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Bertan, Fundazinoagaz hartu-emonak daben 250 persona baino gehiago batu dira: kirolariak, erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak, enpresak, kirol federazinoetako ordezkari eta teknikariak eta enpresa babesleak. Ekitaldiaren burua Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordea eta Basque Team Fundazinoko presidentea izan da, eta beraregaz batera izan dira Gorka Iturriaga, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaria, Olatz Legarza Basque Team Fundazinoko Koordinatzailea eta EiTBko Zuzendaria, Andoni Aldekoa.

Galan hainbat autortza egin dira. Alde batetik, Pariseko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan domina irabazi eben kirolariei: Pau Echaniz piraguistea; Kauldi Odriozola eta Imanol Garciandia eskubaloi jokalariak; Bibiane Schulze eta Beñat Turrientes futbolariak; Gracia Alonso de Armiño 3x3ko saskibaloi jokalaria; Ander Cepas mahai-tenis egokituko jokalaria; eta Iñigo Llopis ugerlaria.

Beste alde batetik, goi mailako kirolaren zikloari aurton agur esan deutsen kirolariak autortu eta euren ibilbideak nabarmendu ditue: Carlos Tobalina pisu jaurtitzailea, Lourdes Oyarbide txirrindularia, Maialen Oiartzabal eskiatzailea, Joan Crespo eta Aitor Gorrotxategi piraguistak, Teresa Errandonea hesi-lasterkaria, Teresa Gorospe gimnastea, Uribarri Barrutieta errugbi jokalaria, Illart Zuazubiskar txirrindularia eta Eneko Carretero eskalatzailea.

Lehen lehendakariordeak eta Basque Team Fundazinoko Presidenteak, Ibone Bengoetxeak zarratu dau ekitaldia eta kirolariei eskerrak emon deutsee euskal kirolaren enbajadoreak diralako Europan: mila esker Basque Teamegaz loturea dozuen guztiei, goi mailako euskal kirolaren alde egiten dozuen guztiagaitik. Europan, eta munduan, oihartzuna dau gure herriak, zuei esker. Gure nortasunaren eta identidadearen enbajadore zarie. Euskaltzaletasunaren enbajadore.

Era berean, erreferenteak ezinbestekoak dirala nabarmendu dau Bengoetxea lehendakariordeak: geldituezinak proiektuaren trailerra ikusi dogu, goi mailako emakume kirolarien lana ikusarazoz. Kirolean, bizitzako arlo guztietan bezela, erreferenteak behar doguz. Etorkizuneko belaunaldietako neskek emakume erreferenteak behar ditue: jarraitzeko, miresteko eta islatzeko emakumeak. Lana eta ahalegina eginez, amesak errealidade bihur daitekezela sinistu behar dabe. Goi mailako emakume kirolariei esker, neska horreek badabe erreferenterik. Geldituezinak diranak.

Ganera, gizarte eta erakundeak, goi mailako gure kirolarien ondoan egotearen garrantzia nabarmendu dau Bengoetxeak: herriak, gizarteak, zuekiko dauen konpromisoak sendoa izan behar dau, gu guztiontzat erreferente eta eredu bihurtzeko egiten dozuen sakrifizino, ahalegin eta lanaren alde. Gu, bidelagunak izango gara zuen goi mailako kirol ibilbidean, baita hau amaitzen danean be. Jarraitu dezagun, zuen eskutik, gure herriaren, Euskadiren, goi mailako kirolaren historia idazten eta etorkizuneko kirolarientzat erreferenteak izaten.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu