EITBk eta ikus-entzunezko euskal produktoreen alkarteek lankidetza hitzarmena eguneratu dabe

Bizkaie! 2024-12-19 10:33   Zinemea

Alkarren arteko hartu-emonak sendotzea da asmoa.

Asteon, EITBk eta EPE-IBAIA (Ikus-entzunezkoen Euskal Produktore Burujaubeen Alkartea) eta APIKA (Ikus-entzunezko Produktoreen Alkartea) ikus-entzunezkoen euskal produktoreen alkarteek euskal ikus-entzunezko produkzino independentea sendotzeko lankidetza-hitzarmena eguneratu dabe, EITBren Bilboko egoitzan egindako ekitaldian. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak, Iker Ganuza EPE-IBAIAko presidenteak eta María Teresa Ruiz de Austri APIKAko presidenteak sinatu dabe eguneraketea. EITB eta alkarteak bat etorri dira egindako lana azpimarratu eta akordio honek euskal ikus-entzunezko ekosistemeari ekarri deutson egonkortasun-esparrua balioan jartean.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak ondokoa azpimarratu dau: euskerazko produkzinoak bultzatu behar dira, horixe baita hasiera hasieratik hitzarmenaren esentzia. Euskerazko produkzino hori konsumo barrietara egokitu behar da, euskarri eta plataforma digital guztietan presente egoteko. Beraz, EITBk parte hartzen dauen proiektu guztien euskerazko bersioaren eskubideak erosiko ditu, euskarri guztietan egon daitezan.

Hitzarmenari gehitu jakon barrikuntza nagusia ikus-entzunezko produkzino serieak gehitzea da. Euskerazko telesailei bultzadea emoteko urrats garrantzitsua da, fikzinoaz gain dokumentalak eta animazinokoak be batzen baititu. Esangura horretan, Iker Ganuza EPE-IBAIAko presidenteak gaineratu dauenez, eduki lehiakorragoak eta kalidade handiagokoak jorratzeko aukerea emongo dau eta eduki horreek hobeto zabaldu eta ustiatuko dira. Ikus-entzunezkoen sektorean inplikautako eragile danakaz eten barik lankidetzea da, duda barik, hurreko etorkizunean gure sektorea sendotzeko eta iraunarazoteko jarraitu beharreko bidea.

APIKA pozik agertu da 2022ko hitzarmena sinatzean hartutako konpromisoak batzen eta berresten ditualako, izan be, euskal ikus-entzunezkoen produkzinoaren eta ikusleek konsumiduteko dituen modu barriak be gehitzen ditu. Maite Ruiz de Austrik azaldu dauenez, hitzarmen horrek bere garrantzia erakutsi dau, batzuetan proiektuak hasteko eta beste batzuetan osotzeko beharrezkoa dan finantziazinorako eta, beraz, produkzino etxeek hazi eta eten barik zabaltzen doan ekosistema bizian euren lekua topau deien.

Azken uruan, genero-bardintasuna be akordioaren puntu garrantzitsua da. Euskal ikus-entzunezkoen sektorean emakume profesionalen parte-hartzea sustatzeko neurriak hartzen jarraitzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu