Aitor Gametxoren 'Berak baleki' filma, 'Egunik Laburrena [ED+C]' programan

Bizkaie! 2024-12-18 09:39   Zinemea

Zinebi, ames argia izenburupean.

'Berak baleki' (Argazkia: Donostia Zinemaldia). | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, Espainiako Film Laburren Koordinatzailaren eta Cervantes Institutuaren laguntzinoagaz, atontzen daben Egunik Laburrena [ED+C] programearen lau filmak jakinarazo ditu.

Zinebik Zinemaldiagaz lotura estua daben lau film labur aukerau ditu, Zinebi, ames argia izenburupean:

- 1. Berak baleki (Aitor Gametxo, Euskadi, 2021) [17 min.].

  • Aitor Gametxo zinemagile lekeitiarrak bere lehen fikzinoko lana aurkeztu eban Zinebiren 63. edizinoan. Filmak Iñigo Aranburu (Handia filmaren protagonistetako bat) dau protagonista eta Jorge Gil Munarrizen libretoa (Yo, adicto minisailaren eta Aitor Arregi eta Jon Garañoren Marco film luzearen gidoilaria). Gametxori aukerea emoten deutso aita banandu baten irudia aztertzeko, gizabanako bezela, aldaketa une bati aurre egin behar baiteutso.

- 2. La herida luminosa (Christian Aviles, 2022) [23 min.].

  • Zinemaldi bilbotarraren 64. edizinoan mundu osoan estreinautako film laburra sinatuten dauen zinemagile kataluniar gazteak, Christian Avilesek, zineman egiten dau debuta, kutsu surrealistako lan bategaz: oporrak Balear Ugarteetan pasetako euren herrialdetik iges egiten daben nerabe britainiarrei buruz.
  • 2022an Zinebin proiektau ondoren, La herida luminosa Berlinalen aurkeztu zan eta, ondoren, mundu osoko ehun jaialditan baino gehiagotan. 2023ko Europako film labur onenerako bost hautagaietako bat izan zan.

- 3. Olores (Alba Esquinas, 2022) [10 min.].

  • Pandemiaren garaian egindako unibersidaderako off ahots-gidoiaren proiektua da Alba Esquinas zinemagile murtziarraren lehen film laburra. Visions du Réel (Nyon, Suitza) ospetsuan estreinau ondoren, Zinebik Estaduan aurkeztu eban 64. edizinoan eta Zinemaldiaren Espainiako Zinemearen Sari Nagusia jaso eban. Ondoren, sari ugari irabazi ditu, esaterako: FIBDA (Argentina), Mumok (Austria) edo Huesca lako jaialdietan.

- 4. El soldao (Alejandro Cabrera, España, 2023) [20 min.].

  • Urtero Kordobako jaioterrira bueltetan dan (oraingoan haren familiaren etxea salgai jarteko) eta Kataluniara emigrautako Francisco andaluziarraren erretratu horrek Espainiako Zinemaren Sari Nagusia jaso eban Zinebiren 65. edizinoan. Bilbon izan ondoren, Alejandro Cabrera dokumentalisteak zuzendutako filma Malagako Zinemaldian be emon da aurton.

Alkarrizketak

Atontzaileek adierazo daben bezela, zinema garaikidearen barruan sormen eta indar handiko formatua da film laburra. Holan, urteko egunik laburrenegaz bat eginez, Cervantes Institutuak 2024ko proposamenik onenak batu ditu Vimeon, nazionarteko jai horregaz bat egiteko.

Zinebik eta Cervantes Institutuak Egunik laburrena [ED+C] edizino horretarako hautatutako filmen zuzendariari eta zuzendariei egindako alkarrizketa batzuekaz eta Ruben Corral Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiko programazino-arduradunak sinatutako filmei buruzko lau testukaz osotuko dabe proposamena.

Nazinoarteko proiekzinoa

Zinebik proponidutako film laburren aukeraketea, 96 orduz online egoteaz gan (abenduaren 19ko goizeko hamarretatik aurrera), Cervantes Institutuak Napolin, Milanen eta Erroman (Italia), Manchesterren (Erresuma Batua), Krakovian eta Varsovian (Polonia), Budapesten (Hungaria), Fezen eta Casablancan (Maroko), Kairon (Egipto), Tunisian (Tunisia), Los Angelesen, Chicagon, New Yorken eta Alburquerquen (AEB), Porto Alegren, Recifen eta Salvador de Bahian (Brasil); Tokion (Japonia) eta Sydneyn (Australia) eskainiko ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu