'Bizkaian Sokatirea Landuz' proiektuak Bizkaiko ikastetxeetan harrobia sustatzea dau helburu
2024-12-13 09:07 KirolaBizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federazinoak, Laboral Kutxagaz alkarlanean aurkeztu dabe.
Bizkaiko ikastetxeetan sokatirea sustatzeko eta belaunaldi barrien artean tiratzaileen harrobia sortzeko helburuagaz sortutako ekimena da.
Izen handiko nazinoarteko txapelketetan euskal taldeak onenen artean lehiatzen dira. Sokatireak nazinoarte mailan dauen garrantziaz jaubetuta, Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federazinoak gogor egin dau geurea dan kirol hau belaunaldi barrien artean sustatzearen alde. Bizkaian Sokatira Landuz proiektua oinarrizko premisa horregaz sortu da, gure lehen mailako taldeek, Abadiñok, Gaztedik (Laukiz) eta Goiherrik (Erandio), gazteen artean sokatirea sustatzea. Bizkaian mundu mailan lehiatzen diran sokatira taldeak ditugu, eta oso harro gagoz. Nazinoartean lehiatzean konturatu gara beste herrialde batzuetan maila oso altua dala, eta garrantzitsuena, harrobia dabela. Horregaitik, proiektu honegaz gazteak sokatirara batzea nahi dogu, hurreratu daitezala, teknikea ulertu eta ikasi deiela, institutuan praktikau deiela eta, gustuko badabe, talderen batean tiratzen batu daitezala azaldu dau Juan Miguel Ranero Bizkaiko Euskal Joko eta Kirolen Federazinoko presidenteak.
Proiektu honen baitan, nazioartean lehiatzen diren Bizkaiko taldeetako tiratzailek, Abadiñok, Gaztedik (Laukiz) eta Goiherrik (Erandio), gomazko sokatira ikastaro espezializaduak eskainiko deutsee inguruko herrietako 12 eta 18 urte bitarteko ikasleei. Holan, Abadiñoko sokatira taldeko tiralariek klaseak emongo deutsee ondoko ikastetxeetako ikasleei, eskola-orduetan, gimnastikako klaseetan: Abadiñoko Institutua, Kurtziaga ikastola eta Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutua; Laukizeko Gaztediko tiratzaileak klaseak emongo ditue Larramendi Ikastolan, Mungiako Institutuan eta Lauro Ikastolan; eta Erandioko Goiherriko kirolariek gauza bere egingo dabe hango ikastetxeetan. Bizkaiko Federazinoak koordinautako proiektu honetan sokatira taldeak protagonista bihurtzen dira. Holan, taldeek bertatik bertara ezagutuko ditue promozinno-lanaren emoitzak.
Bihar-etzirako proiektua da eta datozen hiru ikasturteetarako (24/25, 25/26, 26/27) konpromisoa dauka. Baina harago doa, epe luzerako helburua tiralari barriak erakartea baita, sokatirako Bizkaiko selekzinoa sortu eta 2027an Belgikan egingo dan nazioarteko GENSB txapelketan parte hartu ahal izatea.
Neskak eta mutilak goma gaineko sokatiran hasiko gara, eskakizun tekniko gitxiago behar dalako, eta pixkanaka, neska-mutilei gustetan bajake, lehorreko edo lur gaineko sokatirara hurreratzen joan daitekez. Gure talde bizkaitarrek euren inguruan sokatirea sustatzea da asmo nagusia. Aurrerapausua emon nahi dogu bardintasunaren alde, sokatireak kirolean emakumeen parte-hartzea sustatzen dauelako, lehiaketa eta talde mistoakaz, izan be, nazinoarteko lehiaketetan, GESNB torneoan adibidez, erraztasunak emoten jakez tiralarien artean neskak dagozan taldeei, zehaztu du Joseba Etxebarriak, Bizkaiko Euskal Joko eta Kirolen Federazinoko Kirol zuzendariak.
Laboral Kutxaren finantziazinoa oinarrizkoa izan da proiektu hau lantzeko eta Laboral Kutxako ordezkaria izanda harro nago gure kirol eta nortasuna babesteko eta sustatzeko daukagun ahaleginaz. Gaur batu gara federazinoagaz eta aldundiagaz batera sokatirea sustatzeko proiektu bat aurkezteko: sokea hausi ez daiten, izan be, legatua edo testigantzea lako kontzeptuak ez jakuz ezezagunak egiten. Erakundean egindako barruko hausnarketa prozesuan jorratu ditugun kontzeptuak izan dira, guk (bazkideak izanda) jasotakoa ezagutu, jagon, hobetu eta emon. Bizkaian sokatirea landuz proiektuaren oinarrian pausu horreek jarraitzeko asmoa dago. Ikastetxeen artean gure kirola ezagutu, praktikau eta, zergaitik ez, hobetu. Ez da izango egun bateko ekimena epe ertainekoa baino helburuak lortzeko kolaborazinoa. Klubak, ikastetxeak, federazinoa, erakunde publiko zein pribatuak honetaz arduratu gara eta lankidetza hori eskertzekoa da, nabarmendu dau Alvaro Parro, Lurralde Komunikazino Teknikariak. Bizkaiko sokatira taldeek, Abadiñok, Gaztedik eta Goiherrik, ikastetxeetan sokatiran ibilteko beharrezko materiala eta klaseak emoteko tiralariak jarriko ditue.
Bizkaian sokatirea landuz proiektua datozen ikasturteetan be eskainiko, izan be, Bizkaiko beste leku batzuetara zabaltzea aurreikusten da. Esangura horretan, 2025erako proiektua Gernika-Lumoko ikastetxeetara eroatea espero da, Herri Kirolak, Euskal Pelota eta Arrauna sustatzen duen Sustabiz Fundazioaren bitartez. Gainera, lehen ikasturtea amaitzean, 24/25, sokatirearen jai handi bat atonduko da, proiektuan parte hartutako ikasleek lortutako trebetasuna erakusteko, lagunartean lehiatu eta belaunaldi barrien artean sokatirarako zaletasuna sortu daiten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!