Julen Zubietek irabazi dau GazteDoku 2024 Saria

Bizkaie! 2024-12-12 08:06   Zinemea

Agur Artzai izenburuko lanari esker.

Julen Zubiete zuzendari eta gidoigileak irabazi dau SGAE Fundazinoaren GazteDoku 2024 lehenengo saria, Agur Artzai izenburuko lanagaz; 2.500 euro jasoko ditu, baita SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluaren autorpena be, joan dan zezeilean hasitako lehiaketea sustatu dauen organoarena, hain zuzen be. Euskerazko proposamen Onenaren bigarren saria Kote Camachoren Puzzleak filmak eroan dau (1.500 euro) eta aitamen berezia Itxaso Díazek jaso dau Cautivas dokumentalagaitik (1.000 euro).

Iratxe Fresneda, David Caiña eta Mikel Rueda ikus-entzunezko sortzaileek osotu dabe epaimahaia. Ebazpenaren arrazoitzat Agur Artzai lanaren koherentzia narratiboa eta istorioak transmitiduteko sensibilidadea; Puzzleak film laburraren isildutako egoerak kontetako zintzotasuna eta ausardia eta Cautivas dokumentalaren modu ez-inbaditzailean ezagutzen ez diran errealidadeak topetako borondatea nabarmendu ditue.

Agur Artzainen amaitzear dagoan bizimodu bat erretratau guran, gazte bat, Gorbeian geratzen dan azken artzainetako batengana hurreratzen da. Laster ezerezean geratuko dan joanari 26 minutuko begiradea da. Lan hau mundu osoko hainbat zinemalditarako hautatua izan da (Espainia, Italia, Estonia, Polonia, Holanda, Belgika, Frantzia, Kuba, Kolonbia, Argentina edo Txile) eta dozena bat sari jaso ditu, besteak beste, Nepal Human Rights International Film Festival-en Best Short Documentary dalakoa edo Esloveniako Gorniskega Film Zinemaldian Epaimahaiaren Ohorezko Aitamena.

Euskal Herriko Unibersidadean Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziau ondoren, Julen Zubietek (Barakaldo, 1981) erabateko zinema-eskolatan egin ditu ikasketak, tartean, Kubako EICTVn eta Madrilgo EFTIn. 2019an Zuzendaritza Zinematografikoko Masterra egin eban Bartzelonan eta bertan hainbat film labur idatzi eta zuzendu zituan, bere lehen film luzea lantzen hasteaz gan. Hortik aurrera, errealizadoreak bere ibilbide propioari ekin deutso, bide profesionala obra personal ezbardinen garapenagaz buztartuz.

Kote Camacho (Oiartzun, 1980) Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibersidadean. European Film Academyko kidea da eta zinema zuzendari zein produktore lanak egin ditu 2010 urtetik hona, komikiaren eta animazinoaren mundutik datorren arren. Metraje laburreko eta luzeko dozena erdi lan zuzendu ditu, batez be, Estadu mailan hautatuak (baina ez bakarrik). 2023an Puzzleak izeneko lan hau aurkeztu eban.

Benetako jazoeretan oinarrituta eta 15 minutuko iraupenagaz, bertan, emakumeo gazte batek, besteak beste, abusu eta sexu-erasoagaitik zigortutako argazkilari ezagun baten aldetik dauen intimidade-urraketa sinistarazoteko eta salatzeko dituan zailtasunak begibistan jarten dira.

Cautivas dokumentalean, Itxaso Díazek (Barakaldo, 1974) Cristina Quintanilla salvadortarraren kasua erakutsi nahi izan dau. Lau urte eta erdi igaro ondoren urten eban kartzelatik, bere auzia aztertu ebenean hain zuzen be. Bizitza hausia eban ordurako eta aurrekari penalak izango zituan aurrerantzean. Lan honek Europa, Amerika, Asia eta Ozeaniako proiekzino ugariren ateak edegi deutsoz Díazi. Oraintsu, Indiako Rani Durgarati International Film Festivalen edo Georgiako Golden Grape Short Film Festivalen dokumental onenaren saria jasoterik izan dau horrexegaz.

Diaz Cabrera bideogilea, dokumentalistea, ikus-entzunezko komisarioa eta pedagogoa da. Arte Ederretan lizentziaduna eta Arte eta Teknologian doktoregaia Euskal Herriko Unibersidadean, 2017tik LAN Festibaleko zuzendaria da, hau da, langileriaren gaiei buruzko ikus-entzunezko lehiaketea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu