‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala estreinauko da abenduaren 5ean, 17:00etan, Durangoko Irudienean

Bizkaie! 2024-12-06 07:22   Zinemea

Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi Andra Mariko taldekideek zuzendu dabe.

Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak Momotxorroak: Kaos baten istorioa dokumentala aurkeztuko du, Durangoko Azokako Irudienean. Bertan, Altsasuko (Nafarroa) inauteri tradizionalak berreskuratzeko eta biziberritzeko prozesua kontatzen da, eta proiektu dokumentalaren helburu nagusia da Andra Mari Eusko Dantzari Taldearen lana eta tokiko komunitateak ospakizun hori berpizteko hartu zuen konpromisoa erakustea, XX. mende hasieran azken aldiz antzeztu zenetik,
70eko hamarkadan berpiztu zen arte.

1955ean Galdakaoko gazte talde batek Andra Mari Eusko Dantzari Taldea sortu ebenetik, euskal nortasun kulturala jagon eta berreskuratzea izan dau helburu nagusi taldeak. Andra Marik lan handia egin dau Euskal Herriko errito, musika eta jantza tradizionalak ikertu eta batzeko, horretarako, Andra Mari Eusko Dantzari Taldea lekuetako biztanleakaz, jantza maisuakaz eta kultura adituakaz hartu-emonetan jarri da tokian tokiko tradizinoak ikasteko eta berpizteko. Bere proiekturik esanguratsuenetako bat Altsasuko inauteriak berreskuratzea izan zan. Antxina jai handia izan arren, ahaztuta geratu zan, harik eta Ricardo Aldasorok, herriko nagusienetako batek, momotxorro mitikoak gogora ekarri zituan arte. Hain zuzen ere, gomuta horrek bultzatu eban Altsasuko inauterien berpiztea, Momotxorroak: Kaos baten istorioa dokumentalak jasoten dauen prozesua.

Altsasuko inauteriak berreskuratzea

Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak inauteri horiei buruzko ikerketa eta berreskuratze lanari ekin eutson, Juan Antonio Urbeltz folkloristak bultzatuta, azken horrek Jose Maria Satrustegiren Neguko solstizioa lanean oinarrituta, urteetan ikertu ondoren, 1978an Andra Mari Dantzari Taldea lehen aldiz plazaratu eban inauteria Altsasun, interes handia piztuz eta Altsasuko komunidadea suspertuz.

1982an, inauteriak gogo biziz ospatu ziran barriro Altsasun eta, ordutik, tradizino horri eutsi deutso urtez urte, 2012an Nafarroako Gobernuaren interes turistikoko jaitzat hartuta.

Dokumentalaren helburuak

Dokumentalaren helburu nagusia da belaunaldi barriei euskal kulturearen balioa eta esangurea helarazotea, inauteri horreen berreskurapenean parte hartu ebenen testigantza zuzenen bidez.

Helburuak

  • Euskal folklorearen arloko persona aitagarrienen esperientziak eta testigantzak jasotea, besteak beste, Andra Mari Eusko Dantzari Taldeko kideenak: Mikel Zamalloa, Manu Jauregi edota Koldo Telleria, Altsasuko kultur eragileenak; Patxi Goikoetxea, Amaia Oiarbide, Enrique Zelaia edo Satur Leoz eta Euskal Herriko folklore maisua zein kultur eragile erreferentearenak: Juan Antonio Urbeltz.
  • Tradizino hori ikertzeko eta jagoteko prozesua dokumentetea eta transmitidutea.
  • Hainbat komunidaderen arteko lankidetza-hartu-emonei balioa emotea, batez be Galdakao eta Altsasuren artekoei, kultura-arloko loturak eta alkarlana azpimarratuz.
  • Gazteek euskal kultura-ondarearen aurreko daben interesa sustatzea, euskerearen erabilerea eta euskal kulturearen zabalkundea hauspotuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu