Huhezinemak aurtongo irudia aurkeztu dau
2024-12-04 08:38 Zinemea2025eko urtarrilaren 22, 23 eta 24an izango da Aretxabaletan.
2025eko Huhezinemaren iruditeria kalean da. Euskal Film Laburren jaialdiak 18. edizinoa atondu dau urtarrilaren 22, 23 eta 24an. Aurtongo ikasle taldeak zuri-baltza jarri dau kartelaren oinarrian, garai bateko emakume zinegile bat jarriz protagonista bezela. Jazotakoa ordezkatzen dauen zuri-baltzaren ganean tonu koloretsuak dagoz: horia, urdina, gorria eta laranjea. Kolore horreek izango dira iruditeriaren identidadea.
Iragana oinarri, idea barriak proiektatuz
Asko izan dira lan-taldeak izan dituan ideak, baita buruhausteak be. Azkeneko bersinoa diseinetan hasteko orduan, argi eben hainbat ezaugarri: estetika zaharra, zuri-baltza, argazki zahar bat, emakume zinegile bat eta guztiaren ganetik joango zan kolore paletea.
Lanaren azken emoitzea, hainbat ikaskideek proponidutako fusinoa izan da. Sasoi bateko emakume zinegilea da protagonista, zuri-baltzean eta kamera handi bat dauela. Emakumeari burutik kanpora joakoz tentakulu antzeko batzuk, koloretsuak. Horreek ideak errepresentetan ditue. Beraz, taldeak sasoi bateko emakume zinegileari (baita egungoari be) keinua egin nahi izan deutso. Holan, emakumeek zinemean jasandako zailtasunak salatu ditu.
94 lan aurkeztu dira
Zemendiaren 17an amaitu zan Huhezinema jaialdira lanak bidaltzeko epea. Ondoko honeek dira lanen ezaugarri nagusiak.
Lan guztien erdia baino gehiago Sail Ofizialean aurkeztu dira, guztira 49 lan. Horrezaz gan, ikasleak be animau dira euren lanak eta proiektuak bidaltzera, lan guztien %21 Ikasleen Sailean izanik. Ganera, lan asko bideoklipak dira, hain zuzen be 25 proiektu.
Aurkeztutako lan guztietatik %43 emakume zuzendariek egindakoak dira. Barri on bezela hartu dabe hori atontzaileek, emakumeek presentzia handia izango dabelako.
Jasotako lan guztien % 61 euskeraz dira. Gazteleraz be asko dagoz, 32 hain zuzen be (%30). Halanda ze, agerian gerau da Euskal Herrian jaiotzeak edo bizitzeak (hori zan lana aurkezteko zuzendariek bete behar eben irizpidea) ez dauela mugatzen aurkeztutako lanen hizkuntzea: % 9 ingelesez, valentzieraz edo arabieraz jaso ditue.
Mundukide, Hazi eta Berria sariak
Sail Ofizialean, Ikasle Sailean eta Bideoklip Sailean emondako sariez gan, Mundukide, Hazi eta Berria sariak emongo dira, alkarte kolaboratzaile horreek jarritako irizpideak eta baloreak hobekien ordezkatzen dituen film laburrei. Sariak emoteko, epaimahaiak ez dau kontuan hartuko lana zer sailetan aurkezten dan.
- Mundukide Saria: 700€. Gaur egun munduan dagoan lekuaz hausnartzera konbidetan daben film labur onena.
- Hazi Saria: 600€ eta Euskal produktuen otarra. Basogintzea, landa eta itsasertzeko ingurunea eta bertan pasetan dabilen belaunaldi aldaketea hobekien islatzen dauen lana.
- Berria Saria: 350€ eta sei hilabeteko harpidetza doban. Emakumearen presentzia hobekien islatzen dauen lana: emakume zuzendari batek egindakoa edo emakumearen papela eta bardintasuna sustazen dauena. Beti be, euskeraz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!