'Irakurle Digitala', orain sei hizkuntzatan
2024-11-15 08:00 Euskerea berbagaiIrakurketea eta idazketea prozesuan irakurteko zailtasunak dituen ikasleei zuzendua.
Irakurle Digitala orain 6 hizkuntzatan erabilteko aukerea dago Elhuyarren TTS ahotsei esker. Irakurketea eta idazketea prozesuan irakurteko zailtasunak dituen ikasleei zuzendutako tresnea da, web-nabegatzaileetan instaletako plugina hain zuzen be. 2016an kaleratu eban Elhuyarrek lehen bersinoa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesari esker.
Irakurle Digitala irakurketa-idazketa prozesuan irakurteko zailtasuna daben ikasleei laguntzeko aplikazinoa da, batez be, dislexikoentzat. Beste ikasle askorentzat be lagungarria izan daiteke, esaterako, ikusmen-urritasuna edo hizkuntzeari lotutako nahasmenak dituenentzat. Irakurle Digitalak ordenagailuko pantailan dagoan testua irakurri beharrean entzuteko aukerea emoten dau, testua nabarmendua agertzen dan bitartean; holan, ikasleak errazago irakurri daian edukia.
Horren adierazgarri testuak irakurteko eskainitako ahots automatikoen kalidadea eta tresna erabilteko emoten diran aukerak. Ahotsei jagokenez, lehen, euskerea, gaztelania eta ingelesa jarteko modua eskaintzen eban; orain, galegoa, katalana eta frantsesa be erabil daitekez testuak entzuteko; ahots horreek Elhuyarren TTS neuronalaren bidez eskaintzen dira.
Elhuyar gogor dabil adimen artifizialeko tresnen hedapen egokia egiteko eta erabilera zuhurra bultzatzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola inklusiboa bermatu eta bultzatzeko asmoagaz sustatu dau proiektua.
Irakurle Digitala zelan instalau
Irakurle Digitala web-nabegatzaileetan instaletako plugina da. Firefox, Chrome eta Edge nabegatzaileetan instalau daiteke, jarraibide erraz batzuekaz; Hezkuntza Saileko webgunean dagoz instaletako jarraibideak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!