'Erraldoiak, buruhandiak eta Gargantua Bizkaian" liburua argitaratu dau Bizkaiko Foru Aldundiak
2024-11-12 11:16 KultureaBorja Romero Landetak eta Aitor Santamaria Zuluagak idatzitako liburua salgai dago.
Argitalpenak 300 orrialde baino gehiagoren bidez, irudi adierazgarrien kultura-tradizino aberatsa batzen dau, 500 urte baino gehiagotan zehar erraldoi, buruhandi eta Gargantuaren historia, esangurea eta bilakaerea aztertuz.
Liburua Bizkaiko Foru Aldundiaren argitalpenen dendan dago salgai (Diputazio kalea, 7), bai eta online be hemen.
Leixuri Arrizabalaga, euskera, kultura eta kirol diputaduak liburua aurkezteko egindako prentsaurrekoan adierazo dauenez, lan honek balio handiko informazinoa batzen du gure ondarerako eta gure kultura eta ospakizunak maite ditugunontzat.
Prentsaurrekoan liburuaren egileak be izan dira, Borja Romero Landeta eta Aitor Santamaria Zuluaga, lan honen prozesuaren nondik norakoak azaltzen: liburua hiru bloketan egituratuta dago: Bilbo, uriak izan dituan erraldoien eta buruhandien belaunaldien zeharreko ibilbide bategaz; Bizkaia, holako jai-elementuok dituen udalerrien errepaso bat eginez, Amorebietatik (A-tik) Usansolora (U-ra); eta Gargantua uriak izan dituan 6 tripandietako bakotxaren deskripzino zehatzagaz, 6 tripontzi izan baitira Bilbon, lurralde historikoko beste udalerri batzuetan izan diranez gan.
Lan honek berrehun bat irudiren historia eta sinbolismoa batzen ditu, personaia horreen esentzia jasoten dauen argazki bilduma bat tarteko dala.
Erraldoiak, buruhandiak eta Gargantua Bizkaian tradizino horreei egindako omenaldia eta kultura-ondarea berrezagutzeko eta baloretako gonbidapena be bada. Lan honek, tradizino honen memoria gordeteaz gan, etorkizuneko belaunaldietan euren balioespena eta jarraipena sustatzeo asmoak ditu.
Borja Romero Landeta (Bilbo, 1994)
Hamaika urte zituanetik dabil erraldoien kalejiretan, erromerietan eta euskal folkloreari lotutako bestelako ikuskizunetan tanborra joten, nahiz eta erraldoi eta buruhandiakaz dituan hartu-emonak lehenagokoak izan, umetatik izan baita irudi horreen zale amorratua.
Aitor Santamaria Zuluaga (Bilbo, 1997)
Matematikako irakaslea da eta bere irakaskuntza lana folklorearen munduko hainbat jarduerakaz buztartzen dau, besteak beste, nafarroako gaita eta txistua jo edo erraldoiak jantzan jarriz.
Biak Gaztedi Dantzari Taldeko (Santutxu, Bilbo) kide aktiboak dira eta erraldoien zaletasunak bilbotar biak batu eta Erraldoiak, buruhandiak eta Gargantua Bizkaian izenburupeko ikerketa hau egitera animau ditu, 2019an hasi eta 2024an amaitu zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!