Thinking Football Film Festival 2024 Bilbon
2024-11-05 12:23 ZinemeaXII. Zinemaldiak hamaika film interesgarri eta film labur bat proiektauko ditu.
Athletic Club Fundazinoak Thinking Football Film Festival jaialdiaren XII. edizinoaren programazinoa aurkeztu dau Sala BBK Aretoan. Sei egun (zemendiak 18, 19, 20, 21, 25 eta 26) futbol zine onagaz, programazino interesgarrigaz. Thinkingean ohikoa danez, proiekzinoetara gonbidatu oso bereziak egoteaz gan, barriketaldiak egingo dira saio nagusien ondoren. Aurkezpena Johana Ruiz-Olabuenaga Athletic Clubeko Gizarte Arloko zuzendariak, Galder Reguera Athletic Club Fundazinoko arduradunak eta Koldo Bilbao BBKko Kultura koordinatzaileak egin dabe.
Johana Ruiz-Olabuenagak Kulturea ardatzaren barruan kokatu dau Thinking jaialdia, Komunidadeagaz eta Inklusinoagaz batera, Fundazinoak bere gizarte-lana garatzen dauen hiru esparruetako bat: komunidadearen eta inklusinoaren arloetan, guk gizarte-lana egiten dogu batez be. Astero ehunka eta ehunka laguni emoten deutsegu gure laguntzea, osasuna hobetzea, estigmen kontra burrukatzea, babes-sareak sortzea eta taldea osotzea helburu daben proiektuen bidez. Halan da be, uste dogu lan hori ez litzatekeela osoa izango pentsamoldeak aldatzen laguntzen ez badogu. Horregaitik, pentsau barik ezin dogulako mundua aldatu, urte asko daroaguz kulturan sendo lanean. Zinema edo literaturea erabilten dogu defendiduten ditugun baliakaz lotutako gai garrantzitsuak planteetako eremu lez. Hemen kokatzen da Thinking Football Film Festival jaialdia, azpimarratu dau Johanak.
Amaitzeko, Gizarte Arloko zuzendariak Valentzian biziten dagozan tragedia gogoratu nahi izan dau: Athletic Club, gainerako gizartea bezela, benetan hunkituta dago tragediagaitik, eta gustauko litxakigu zuek jakitea Euskadiko zein Valentziako hainbat erakunde eta alkartegaz hartu-emonetan gagozala eskaini geinkezan proposamenen artean onena eta eraginkorrena zein dan adostu eta koordinetako.
Bestalde, Koldo Bilbaok adierazo dauenez, Sala BBK Aretoa osotzen dogunontzat garrantzitsua da kulturea sustatzea eta kiroletik harago doazen balioak transmitidutea, jaialdi honetan beti jazoten dan bezela.
Galder Reguera arduratu da jaialdiaren programazinoa zehazteaz: hamabi proiekzino (hamaika film eta film labur bat) saio bikotxean (18:00etan eta 20:00etan, inaugurazino egunean izan ezik, estreinaldia 19:00retan izango baita) zineforumegaz, Sala BBK Aretoan bertan, proiekzino nagusien ondoren.
Informazino gehiago nahi izan ezkero, Thinkingen webguneak edizio honen xehetasun guztiak batzen ditu hemen, eta, horrezaz gan, jaialdiaren aurreko edizinoei edo palmaresari eskainitako beste atal batzuk be baditu. Sartzea doban da, baina beharrezkoa da hemen erreserbetea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!