Zinebiren film-gordailuak 50 urte bete ditu
2024-10-30 10:38 ZinemeaGuztira, 339 proiekzino kopien bildumea dago.
Zinebik, Elías Querejeta Zine Eskoleak bere film-gordailuari buruz hasitako ikerketa-proiektuaren lehen emoitzak aurkeztu ditu. Proiektu horretan, 1959 eta 2011 urteen artean produzidutako 16 eta 35 milimetroko proiekzinoen 339 kopien bildumea dago.
Bildumearen zatirik handiena 1974tik aurrera produzidutako filmek osotzen dabe. Urte horretan, garai haretako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketeak, Produktoreen Alkarteen Nazinoarteko Federazinoaren (FIAPF) nazinoarteko kategoria lehiakorreko jaialdi bezela autortu eban lehen aldiz.
Beraz, Elías Querejeta Zine Eskoleak, datu basea sortu dau, kasu gehienetan Zinemaldian saritutko tituluak dirala egiaztatuz. Holan pasetan zan Studio H & S (Walter Heynowski eta Gerhard Scheumann, antxinako Alemaniako Errepublika Demokratikokoa, RDA) filmografiaren zati bategaz, Santiago Álvarez funtsezko dokumentalista kubatarraren film laburrakaz eta Begoña Vicario, Pedro Olea, Montxo Armendáriz, Ernesto del Río (Jaialdiako zuzendaria 1999 eta 2017 artean), Antton Merikaetxebarria, Javier Rebollo edo Juanma Bajo Ulloa euskal zinemagileen lanekaz. Artxiboak Asociación de Amistad Hispano-Sovietica Alkartearen funtsea be gordetzen dau, 16mm-ko 56 dokumentalez eta erreportajez osotua.
Material horreek guztiak 2018ko martian itxi ziran Euskadiko Filmategian, behar bezela biltegiratuta eta konserbatuta dagozala bermatzeko. 2020an hasi zan bildumea katalogetan.
Zinebi gordailua
2022-2023 ikasturtearen barruan, Elías Querejeta Zine Eskoleak Zinebi gordailua ikerketa-proiektua abiarazo eban, Bilboko jaialdiaren historiaren azterketa kritikoa egiteko asmoz. Proiektua, hiru lan-arloren inguruan egituratzen da: jaialdiaren historiaren ikerketea, funtsearen identifikazinoa eta katalogazinoa, eta programa publikoen diseinua eta ekimenaren zabalkundea.
Proiektua martxan jarri eta urte bira, funtsea osotzen daben 339 kopien heren bi identifikau eta katalogau dira.
Zinemaldiko filmen gordailuaren katalogazinoaren eta analisiaren egungo egoereari buruzko zehetasun gehiago eta martxan dagoan ikerketearen helburuak Bilboko Zinemearen Foro Profesionalaren esparruan aurkeztuko dira, zemendiaren 12an, Bilbon, AS Fabrik.
Sarbide Publikoa
Zinebiren helburua da lan hori guztia arlo akademikotik harago eroatea eta jentearen eskura jartea. Halanda ze, ekimenik garrantzitsuena katalogoen, egunkarien, kartelen eta argazkien bildumakaz lotutako informazino guztia batuko dauen web plataformea sortzea da; besteak beste, Euskadiko Filmategian gordetako filmen katalogoa eta lehiaketearen historiaren inguruan egindako ikerketak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!