Arianna Fidanza, Laboral Kutxa taldeak iragarritako lehen fitxaketea

Bizkaie! 2024-10-30 07:59   Kirola

Txirrindulari italiarrak denporaldi bi emongo ditu gurean.

Arianna Fidanza (1995, Bergamo) Laboral Kutxa-Euskadi Fundazinoa taldean ibiliko da hurrengo denporaldi bietan, 2025ean eta 2026an. Lehenengo arpegi barria da, maila eta esperientzia handiko fitxaketea euskal taldearentzat, 11 urte beteta profesional tropelean, azkenak UCI Women's WorldTourrean.

Fidanza ezinbesteko txirrindularia da datorren denporaldirako multzoaren egituran. Klasikoetarako profila eta abiadura ederra dau; beraz, egun bateko eta itzulien saioetan protagonista izateko eta emoitza onak lortzeko prest dago dago. 2024an laugarren izan zan Almeriako Klasikoan, bosgarren CV Itzulian edo zazpigarren Women Cycling Pro Costa De Almerian, 2023an irabazi eban lasterketan. Haren azken taldeak elitean Ceratizit (2023-2024), BikeExchange (2021-2022) eta Lotto (2020) izan dira. Fidanzaren familia bizikleta zalea da, Nadia Baldi eta Giovanni Fidanza -saio bana irabazi eban Giroan eta Tourrean- 90eko hamarkadako profesional ohien alabea baita. Beraz, mailako txirrindularia da, tropelean eta munduko egutegian eskarmentu handikoa, taldeak datorren denporaldirako gura eban txirrindularia. Laboral Kutxa taldearen erispideakaz bat dator: momentu bakotxean euskal txirrindulari nabarmena izatea, nazinoarteko talentuari uko egin barik, emakumezkoen txirrindularitzearen maila gorenean urrats sendoak emoten jarraitzeko.

Arianna Fidanza: seguru nago Laboral Kutxak fitxetea aukera bikaina dala. Maila gorenean eten barik hazten dagoan taldea da eta ibilbide honen parte izateak asko esan nahi dau niretzat. Konfidantzea eta babesa dodan ingurune honetan nire benetako mailea erakusten nator. Talde honetako balioak eta izakerea gustetan jataz. Txirrindulari azkarra nazela uste dot, eta igoera laburretan eusteko gaitasuna dauena. Galtzada-harrizko klasikoak dira nire gustukoenak, nire indarguneak esprintean eta iraupena alkarbanatzeko aukerea dodalako. Eguraldi hotzagaz lehiatzea gustetan jat. Nire helburu nagusia gogor lan egitea eta hobetzen saiatzea da, beti bezela. Giro ona be topau nahi dot, lasterketez gozau taldeagaz. Hori izan zan aurten faltau izan jatana eta horregaitik aukeratu neban Laboral Kutxak fitxetea.

Bergamoko iparraldean dagoan herri txiki batekoa naz. Nire familiari esker hasi nintzan txirrindularitzan, izan be, aita txirrindulari profesional bikaina izan zan, eta ama be bai. Junior nintzala, pistako Munduko Txapelketea eta Europako titulu bi irabazi nituan, baita Italiako zazpi txapelketa be. Errepideko txirrindulari profesionala nazenetik, hiru UCI lasterketa irabazi ditut, eta nabarmenena Almeriako Pro Costa klasikoa izan zan (2023an). Azken denporaldia sendoa izan da errendimenduari jagokonez eta emoitza batzuk pilatu ditut.

Ion Lazkano, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazinoa taldeko kirol arduraduna: Arianna lehen mailako txirrindularia da, oso indartsua, eta oso ondo moldatzen da aldats laburretan. Beraz, esprintetan emoitza onak lortzeko gaitasuna dau. Horregaitik, taldearen erreferentea izatea espero dogu, batez be klasikoetan eta multzoen esprintetan.

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazinoa taldeak 11 txirrindulari ditu oraingoz 2025erako: Naia Amondarain (barritzea), Idoia Eraso, Arianna Fidanza (fitxaketea), Usoa Ostolaza (luzapena), Ane Santesteban, Debora Silvestri (barritzea), Catalina Soto, Alba Teruel, Laura Tomasi, Cristina Tonetti eta Eneritz Vadillo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu