Urriaren 25ean, Nacho Vigalondoren 'Daniela Forever' (2024) euskal produkzinoak emongo deutso hasierea jaialdiari
2024-10-22 09:36 Zinemea35. Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen Astea urriaren 25etik zemendiaren 1era.
Vigalondoren filma Antzoki Zaharrean erakutsiko dabe eta Pablo Hernandoren Una ballena (2024) euskal produkzioak bertan emongo deutso amaierea zemendiaren 1ean.
Kontuak kontu, fantasiazko zinemeak aurten emon dituan film luze eta labur onenen hautaketa bat proiektauko da eta hainbat jarduera egingo dira programazinoa osotzeko eta ezin ahaztu beste euskal produkzio bat estreinauko dala Euskadin, Rich Flu (2024), Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendua, eta beste film askoren artean ikusi ahal izango dira Bodegón con fantasmas (2024), denporaldiko sorpresea, Terrifier 3 (2024), Exhuma (2024) eta Oddity (2024). Aurten 31 film luze, 45 labur eta telebistako 3 kapitulu proiektauko dira.
Edizino honetako barritasun nagusia Animedon da, japoniar animazinoko zinemari eskainitako sail paraleloa, lau film luze programauta dituana: estreinaldikoak hiru eta umeentzako saio bat. Hasierea emateko, omenaldia egingo jako Dragoi Bolari Antzoki Zaharrean, domekan, hilaren 20an (gonbidapenak agortuta dagoeneko). Bertan, ETBk 1989an euskeraz emandako telesailaren lehen kapitulua proiektauko da. Animedonen barruan, bestetik, erakusketa bi izango dira aurten (Dragoi Bolatik infinitura. Akira Toriyamari omenaldia eta Euskadi Fantastikoa 20: Nacho Fernández) eta tailerrak eta topaketak FNAC Donostian edo Medialaben (Tabakalera), baita ohiko kaleko familia jarduerea be, zapatu arratsaldean, hilak 26, Boulevardean.
Antzoki Zaharra izango da zinemaldiaren egoitza nagusia eta bertan proiektauko da osorik Asteko film luzeen sail ofiziala, 23 tituluz osotua. Victoria Eugenia Antzokian, barriz, Animedon saileko filmak emongo dira eta, Gaztea eta Primeranegaz batera, Wreck (2022) seriea aurrestreinauko da bertan. Euskal film laburren maratoia be egingo da, EITBk emondako diru-saria izango dauena lehen aldiz.
Aurten, Tabakalerako zine-aretoan eskainiko diran proiekzinoek Franz Kafkaren irudia izango dabe ardatz, haren heriotzearen mendeurrenean eta, besteak beste, El castillo nobelaren moldaketea proiektauko da, Michael Hanekek 1997an zuzendua eta bere obran oinarritutako edo inspirautako film laburren saio bat be iragarri dabe. Txekiar idazlearen omenaldiaren osogarri, Kafka, lo kafkiano y el cine fantástico liburua argitaratu dabe Asteak eta Hermenaute argitaletxeak, Jonathan Allenek eta Jesús Palaciosek idatzia.
Bestetik, urriaren 19an, Bang Bangek ohiko saio bikotxa aurkeztuko dau Antzoki Zaharrean, Asteagaz lankidetzan, eta horrexegaz edegiko dau urteko programazinoa: RoboCop (1987) eta Scream (1996) ikusi ahal izango dira bertan.
Aitatutakoez gan, erakusketa bi dagoz aurten: Goya – Hellboy: Munstroen ikonografia Stéphane Levallois-en eskutik, Afundación – Obra Social ABANCAren eskutik, irailetik egoitza bitan banatuta ikusgai, Okendo Kultur Etxean eta Aiete Kultur Etxean, eta La rebelión de Santa Clara, Josean Olaberen obrearen sortze prozesuari eskainia, Euskal Itsas Museoan.
Beste jarduera batzuk be nabarmendu daitekez: IX. Fanzineen Gerra klasikoa, Euskal Itsas Museoan eskainiko dan tailer bategaz eta hitzaldiak eta liburuen aurkezpenak.
Horrezaz gan, martxan dago Noviembre Fantasma online kanala, Fancine (Málaga), TerrorMolins (Molins de Rei) eta Isla Calavera (Ciudad de La Laguna-Tenerife) zinemaldiakaz lankidetzan sortuak.
Sarrerak
Urriaren 18an 09:00ean jarriko dira salgai abonuak Antzoki Zaharreko leihatilan. Urriaren 21ean 11:30ean jarriko dira salgai sarrera solteak Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kulturan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!