Bizkaiak euskerearen presentzia indartzen jarraitzen dau kirol arloan BIKEE programearen bitartez
2024-10-22 07:54 KirolaAurten Athletic Club eta Bilbao Basket lako lehen mailako taldeak be batu dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak eutsi egiten deutso BIKEE -Bizkaian Kirola Ere Euskaraz- programeak kirol arloan euskerearen erabilerea sustatzeko dauen konpromisoari. Eta horren isla da eskola-kiroleko komunidadea konprometidu nahi dauen hizkuntza dekalogo bat sortu izana. Beste alde batetik, indartu egiten dau eskola-kiroleko arbitroen identifikazino-besokoen kanpainea. Gainera, aurten Athletic Club eta Bilbao Basket lako lehen mailako taldeak be batu dira, erreferente izateko. Bizkaian kirol-erreferente nagusiak dira eta kirolean euskerearen presentziaren alde egin eta eredu dira kirolarientzat zein klubentzat. Garrantzitsua da Athletic Clubek eta Athletic Fundazinoak futbolean euskerearen erabilerea sustatzeko egiten daben lana: asko dira Athleticek proponiduten dituen kirol-jardueretan parte hartzen dabenak eta oso garrantzitsua da erakundeok gazteen artean daben eragina.
Bilbao Basket be urrats garrantzitsuak emoten dago euskerearen sustapenean. Baina, horrezaz gan, Bizkaiko gizartean dauen sustraitzeak trakzino-efektua izan leike euskerearen erabilerea suspertzekoo saskibaloiaren munduan, urtez urte handiagoa baita parte-hartzaileen kopurua.
Beraz, klub horreek euskerearen erabilerea sustatzeko egiten daben barrura begirako lanaz gan, euskerearen sustapenean erreferente dira.
Euskera, Kultura eta Kiroleko diputadu Leixuri Arrizabalagak prentsaurrekoa emon du, aitatu taldeetako ordezkariakaz eta lehiaketetan besokoak erabilteko ekimenean parte hartu daben epaileakaz batera. Eta nabarmendu dauenez, ezinbestekoa da euskerearen presentzia bermatzea eta indartzea hainbat arlotan, baita kirolean be, arabere gehiago eskola-kirola danean. Esangura horretan indarrak batzea ezinbestekoa da gizartean eragin handiagoa lortzeko.
Diputauak Bizkaiko federazinoen eta kirol kluben azken urteotako ekarpena azpimarratu dau BIKEE programearen bitartez. Adierazo dauenez, badakigu udalerri, eskualde eta kirol bakotxak errealidade linguistiko oso ezbardinak bizi dituala, baina, halan da be, guztion erantzuna bikaina izan da eta zeregin horretan urrats sendoak emoten jarraitzearen garrantzia azpimarratu dau.
Jarduera horreek Bizkaiko Foru Aldundia buru dauen BIKEE programearen barruan sartzen dira eta euskerearen erabilera soziala txikitatik sustatzea eta praktika hori kirolaren prestakuntza-etapa guztietara zabaltzea dabe helburu. Iragarritako mugarriek indartu egiten dabe BIKEEk daukan konpromisoa kirol munduko estamentu guztiakaz, federazinoak zein arbitroen arloas, euskararen erabilerearen normalizazinoan inpliketako.
Hizkuntza Dekalogo bat sortu eta besokoak bueltan dira
BIKEEren bidez eten barik egiten dan lanaren ondorioz, Eskola Kiroleko Hizkuntza Dekalogoa sortu barri da. 10 puntu ditu eta helburua da euskereak eskola-kirolean dauen presentzia bultzatzea: kirolariak, teknikariak, klubak, gurasoak eta inpliketea. Dekalogoa Bizkaiko udalerrietako euskera eta kirol-teknikarakaz adostu da, gitxieneko hizkuntza-eskakizunak lortzeko.
Dekalogoan jasotako konpromisoek honako honeek dira: argitalpenetan, megafonian eta irudi korporatiboan lehenestea euskereak dauen presentzia, baloretea bai teknikariek euskeraz jakitea bai umeei euskeraz zuzentzea; teknikariek beti euskerea erabili deiela eskola-umeen aurrean; arbitroek be erabile deiela topaketetan, eta partiduetako ikusleek (familiakoek eta ikasleen laguntzaileek) euren babes-mezuak euskeraz be botatea. Konpromiso horrek guztiek eskola-kiroleko-komunidade osoari jagokoz eta denporaldi honetan zabalduko dira.
Igazko nobedadea epaileek besokoak erabiltea izan zan eta aurten indartu egingo da besokoen ikusgarritasuna sare sozialetan presentzia handiagoa izateari esker. Aurreko denporaldiko proposamenak harrera oso ona izan eban klub eta arbitroen aldetik: 3.967 besoko gorri banatu ziran, euskeraz berba egiten eta ulertzen dabenak identifiketako, eta 3.342 besoko berde, euskerea ulertzen baina menperatzen ez daben arbitroak identifiketako. Eskaerea egin eben klubak eta federazinoak honako kiroletakoak dira: saskibaloia, eskubaloia, futbola, arku-tiroa, esku-pelota, herri kirolak eta errugbia.
Aurten be besokoak eskainiko jakez kirol-modalidade horreei eta beste batzuei eta, gainera, sare sozialen bidez hareen erabilerea ikusarazoteko ahalegina egingo da, kanpaina berezia eginez, besokoak daroezanak eredu eta erreferente izango dira oraindino animau ez diranentzat.
Programea 2017ko martian hasi zan, Euskera Bizia Batzordearen hausnarketa estrategikoaren ondorioz eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, ASFEDEBIren eta kirol-federazinoen arteko ahalegin bateratua da, lurraldeko kirol-modalidade guztietan euskerearen erabilerea normalizetearren.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!