44 herrialdetako 132 film Zinebi Jaialdian

Bizkaie! 2024-10-21 13:21   Zinemea

Horreetatik 59, euskal produkzinoak dira.

Bilboko Udalak atontudako 66. Zinebi – Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, zemendiaren 8an hasiko da, Arriaga Antzokian. Jaialdia zemendiaren 15era arte luzauko da. Hirugarren edizinoz, gala biak, inaugurazinoa eta sari-banaketea, La Dramática Errantek (Ane Pikaza eta María Goiricelaya) zuzenduko dabe.

Programazio osoa gaur goizean aurkeztu da Bilboko udaletxean, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Joseba Lopezortega Zinebiko zuzendariak parte hartu daben prentsaurrekoan.

Jaialdiak, 44 herrialdetako 132 film hartuko ditu: 103 film labur (gehienez 30 minutu), 3 film ertain (30 eta 60 minutu artean) eta 26 film luze (60 minutu baino gehiago irauten dabe). Horreetatik, 75 emakumeek eta 74 gizonek zuzendu ditue. Aurkeztutako filmen erdiak baino gehiago Estaduan estreinauko dira. Ganera, 59 film euskal produkzinoak dira.

Betiko lez, proiekzinoak atal bitan banatzen dira: Sail Ofiziala eta beste proiekzino batzuk:

  • Sail Ofizialean, Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketea eta Ziff - Zinebi First Film Nazinoarteko Lehiaketea sartzen dira, errealizadore barrien lehen film luzeei eskainia.
  • Beste proiekzino batzuk: Beautiful Docs – Munduko Dokumentalen Panorama atala, dokumentalaren nazinoarteko panoraman pasetan dana islatzen dauen lehiarik gabeko erakusketea; Bertoko Begiradak – Euskadiko Begiradak saila, Euskadin produzidutako film labur eta luzeek osotua eta euskal ikus-entzunezkoen industriako produktore, zinemagile eta profesionalen lana autortzera zuzendua; baita beste saio berezi batzuk be.


Sail ofiziala

Sail ofizialak 60 film batzen ditu aurtongo edizinoan: 9 film luze eta 51 film labur. Horreetatik 59k Bizkaiko uriburuan izango dabe estreinaldia, esaterako: My Stolen Planet (Farahnaz Sharifi, 2024); Locas del ático (Tamara García Iglesias, 2024); Nutcracker Girl (Michalina Musialik, 2023); Ave (Ana Cristina Barragán, 2023); Desenterrar un rosal (Bruno Ojeda, 2024); Errotatiba (Iratxe Fresneda, 2024); Una sombra oscilante (Celeste Rojas Mugica, 2024); Bienvenidos conquistadores interplanetarios y del espacio sideral (Andrés Jurado, 2024); Sweeter Is the Night (Fabienne Wagenaar, 2024); Undr (Kamal Aljafari, 2024); Aferrado (Esteban Azuela, 2024); Ashen Sun (Camille Monnier, 2024); Time Sensitive Characters (Coralie H. Gourdon, 2024); Data Flesh (Felipe Elgueta, 2024); edo, Where Are You, Samuel? (Samuele Leogrande, 2024).

Ohorezko Mikeldi Sariak

Betiko lez, Zinebik zinema garaikideko izen garrantzitsu batzuen ibilbide profesional eta artistikoa autortzen dau. Aurton, Laura Pouitras zinemagileari eta José Luis Alcaine argazki-zuzendariari emongo jake sari horreek.

Beraz, Zinebik errekonozimendua emango deutso Laura Poitras zinemagile estatubatuarrari, zemendiaren 8an, inaugurazino-ekitaldian. Laurak 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondorio politikoei buruzko trilogia idatzi eban: My Country, My Country (2006), Oscarretarako Dokumental Onenaren Sarirako izentaua; The Oath (2010); eta Citizenfour (2014), film luze dokumental onenaren Oscarra eta BAFTA Saria eskuratu zituana.

2022an, Laura Poitrasek All the Beauty and the Bloodshed aurkeztu eban, Nan Goldin argazkilari eta aktibistearen bizitzea aztertzen dauen eta Veneziako Zinemaldian Urrezko Lehoia irabazi eban dokumentala. Citizenfour eta All the Beauty and the Bloodhsed Guggenheim Bilbao Museoan proiektauko ditue.

Horrezaz gan, Jaialdiak Jose Luis Alcaine Argazkigintzako zuzendari ezaguna autortuko dau Ohorezko Mikeldi bategaz, argazkigintzearen bidez pertsonaien zehetasun emozinonalak eta psikologikoak nabarmentzeko dauen maisutasunagatik. Alcainek Estaduko zuzendari garrantzitsuenetako batzuekaz lan egin dau, bost Goya sari jaso ditu eta 2006an Europako Zinema Akademiako argazki-zuzendaritza onenaren saria jaso eban Volver (Pedro Almodovar) filmean egindako lanagatik.

José Luis Alcainek zemendiaren 15ean jasoko dau bere saria, Zinemaldiaren itxiera ekitaldian. Haren lana autortzeko, Tasio (1984) luzemetraia proiektauko dabe.

Sariak eta epaimahaiak

Zemendiaren 15ean jakinarazoko dabe palmaresa eta guztira 83.000 euro banatuko ditue sarietan. Anahí Berneri zuzendari, gidoilari eta zinema produktore argentinarrak, El Deseoko produktore exekutiboak, Esther García Rodríguez Zinematografia Sari Nazinonalak, Claudius Gentinetta komikigile, animazinoko filmen zuzendari eta diseinatzaile suitzarrak, Olatz Ganboa aktore euskaldunak, eta Cannesen Urrezko Palma irabazi eban Nebojša Slijepeeviere zinemagile kroaziarrak osotuko dabe epaimahaia.

Sail Ofizialeko sariak, Teresa Lavina euskal dokumentalistak, Veton Nurkollari DokuFesteko kuradore eta zuzendari artistikoak eta Myriam Tafakory artista bisual eta zinemagile irandarrak osotutako epaimahaiak emongo ditu.

Sarrerak, salgai

Betiko lez, jaialdiak egoitza ugari izango ditu: Arriaga Antzokia, Guggenheim Bilbao Museoa, BBK Aretoa, Bilbao As Fabrik eta Golem Alhondiga zinemak eta Azkuna Zentroko Auditorioa hain zuzen be.

Sarrerak eta abonuak salgai dagoz hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu